Lesakako XV. Mendi Itzulia ekainaren 12an eginen dute

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 8a, 09:00
2018an egin zen azken edizioa. Lau urteren ondotik, Lesakako hamabosgarren mendi itzulia antolatu du Beti Gaztek.

30 eta 23 kilometroko ibilbideak izanen ditu aukeran 

Lau urte eta gero (2018an egin zen hamalaugarren edizioa eta 2020an egitea egokitzen zen) Lesakako Mendi Itzulia hamabosgarren urtez antolatu du Beti Gazte elkarteak, Lesakako Udalaren eta Mendi eta eskalada Kirolen Nafarroako Federazioaren laguntzaz. Ekainaren 12an, igande goizeko 7:00etatik 7:30era abiatuko dira mendizaleak plazatik eta bi ibilbide izanen dituzte aukeran. 

Laburrena, 22,9 kilometro luze eta 1.415 metroko desnibela duena, plazatik abiatu eta Amargun, Alasta, Illasmendi, Agiña, Elutxa, Pagolleta eta Sastrin barna jautsiko da herrira, berriz ere plazan helmugaratzeko.

Luzeenak, 30,2 kilometro luze eta 1.825 metro desnibela duenak, ibilbide beretsua izanen du Elutxa bitarte, baina Elutxatik Artikutzara jautsi eta Izurrietako lepoan eta Akemarrungo atakan barna ibilbide laburrarekin bat eginen du Pagolletako gainean.

Izen ematea egin daiteke www.mendizmendi.com webgunean egin daiteke ekainaren 10era, ortziralera bitarte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun