Artziniegako Fernando Ureta margolariak irabazi du Beti Gaztek antolatutako IX. margo lehiaketa

Ttipi-Ttapa 2022ko ekainaren 6a

Beti Gazteren Aste emankorra borobiltzeko bertze hainbat ekitaldi izan dituzte asteburuan Lesakan

Artistaz bete zen Lesaka igande goizean. 'Lesakako herrigunea’ zen margoen gaia eta herriko karrikak izan ziren protagonista Beti Gazte elkarteak bederatzigarren urtez Elias Garrala zenaren omenez antolatutako margo azkarreko lehiaketan margotutako koadro guztietan. Denera 19 margolan aurkeztu zituzten eta Javier Igoa eta Paloma Ochoa Lesakako margolariek osatutako epaimahaiak aukeratu zituen irabazleak.

Artziniegako (Araba) Fernando Ureta Castelok lortu zuen lehenbiziko postua eta 700 euro jaso zituen. Bilboko Carlos Espega Alonso artistak lortu zuen bigarren  saria, 350 eurokoa. Etxeko margolariaren saria Jaxinto Otxoteko Altzugaraik lortu zuen, 150 euro. Beti Gazteren izenean, Amaia Telletxeak eman zituen sariak.

Haurrek ere parte hartzeko aukera izan zuten, hiru kategoriatan banatuak; A kategorian (LH 1 eta 2) Saioa Tapia Mutuberriak irabazi zuen, B kategorian (LH 3 eta 4) Julen Castro Ordokik lortu zuen saria eta C kategorian (LH 5 eta 6) Laiene Mutuberria Sanjurjo izan zen garaile. Sariak Lesakako Zerbitzu Elkarteak eskainitako 30 euroko bonuak izan ziren eta Iñaki Portuk eman zituen.

Margolariak ez ezik, 21 argazkilari ere ibili ziren igande goizean, VI. Argazki Rallyan, lau gairen inguruko argazkiak ateratzen. Lanak aurkezteko epea ekainaren 12an bukatuko da, argazkilaritza@betigazte.net helbidean eta gai bakoitzeko irabazleak 100 euro jasoko ditu, bazkide baten argazki onenak bezalaxe. Gainera, 150 euroko saria izanen da bilduma onenarentzat.

Arratsaldean lerro dantza taldea ere aritu zen.

 

Beti Gazteren Aste emankorra

Beti Gazteren Astea margo lehiaketarekin borobildu zen, baina bertze hainbat ekitaldi izan ziren asteburuan. Ortziralean, mahai-jokoen txapelketetako finalak jokatu zituzten. Xake txapelketako finalean Xabi Gonzalez nagusitu zitzaion Mattin Gonzalez anaiari eta pintxazo txapelketan ere, Xabi Gonzalez izan zen txapeldun eta Mattin Gonzalez txapeldunorde. Hau gutti balitz, mus txapelketako finalean ere, hauen arreba Larraitz Gonzalez eta Nerea Bazterrika suertatu ziren txapeldun, finalean Mikel Mutuberriari eta Gorka Arangureni irabazita.

Larunbatean, gazte mailako futbolariek euskal ligara igoera historikoa lortu eta gero, erraldoi konpartsa ibili zen Elutxa txarangarekin eta bazkaria egin zen Alondegiko arkupetan. Sokatiran eta futbolean tiralari eta jokalari onenei sariak eman zitzaizkien, bazkalondoan. Sokatiran, Gerardo Telletxeak eta Irantzu Goienetxek lortu zituzten sariak. Ander Abuin presidentearen eta Ainhoa Ubiria herri kiroletako arduradunak eman zituzten sariak. Futbolean Asier Tabernak (jubeniletan), Joel Gilek (erregionalelo lehen mailan), Leire Rekalde elizondoarrak (emakumeen ohorezko mailan) eta Igor Tote Gurrutxagak (3. mailan). Ander Abuin presidenteak eta Oier Iantzi futboleko arduradunak eman zituzten sariak.

Joskintza tailerrekoek ere Mary Yepes irakasleari oroigarria eman zioten eta hainbat urtetan elkartean lan egiten dabiltzan aunitzek taldearen kamiseta, beraien izenarekin, jaso zuten oparitzat.

Larunbat arratsaldean mutxikoak dantzatzeko aukera ere izan zen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun