Berako Garmendiko bordako Sokorro Almandozen gasnak irabazi du Etxalarko XXIX. Lehiaketa

Ttipi-Ttapa 2022ko ekainaren 6a

Eguraldiak erabat lagundu ez bazuen ere, jende aunitz gerturatu zen asteburuan Etxalarrera, Altxata elkarteak antolatutako gasna eta eskulangileen feriaren inguruan antolatutako ekitaldietara. Larunbatean herriko dantzari gazte eta helduek dantza saioa eskaini zuten herriko kantu taldeak, txistulariek, trikitilariak eta bertze hainbat musikarik lagunduta.

Igandean, gasna eta artisau feriak hartu zuen lekua frontoian. Hamabi gasna aurkeztu ziren 29. edizioa bete zuen lehiaketara. Bautista Telletxeak, Manolo Arozenak, Ana Lazkanotegik, Gregorio Mitxelenak eta Patxiku Irisarrik osatu zuten epaimahaia eta Berako Garmendiko bordako Sokorro Almandoz izan zen 120 euroko lehen sariaren irabazlea. Bigarren saria (90 euro) Lesakako Agorlekuko Ainhoa Goñik eskuratu zuen eta hirugarren saria, 75 euro, Orabideko Kortariko bordako Julen Arburuak. Etxalarko gasnagileen artean, Joseba Danboriena izan zen garailea (50 euro) eta Joseba Arizaletaren gasnak lortu zuen bigarren saria (30 euro). Denek diru saria eta oroigarriak jaso zituzten. Lehiaketara aurkeztutako gasnen erdiak zozketatu egin ziren. Oraindik  4.828, 7.900, 7.932 eta 7.902 zenbakiei dagozkien gasna erdien irabazleak ez dira agertu. Zenbaki horietako bat duenak Altxata Elkartekoekin jarri behar du harremanetan bere gasna eskuratzeko (altxata@gmail.com helbide elektronikora edo 688 73 04 38 telefonora). Segidan bertso bazkaria izan zen Unai Mendizabal eta Oihana Iguaranekin eta bertaratutako 90 bat lagunek arratsalde pasa ederra egin zuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun