58 parte hartzaile bihar Beran eginen duten Ibardingo Igoeran

Ttipi-Ttapa 2022ko ekainaren 3a

Bihar eginen dute Beran  Ziharka Sport taldeak antolatuta, Ibardingo Igoeraren 6. edizioa. 58 gidarik hartuko dute parte, eta horietako lau dira beratarrak: Joseba Beola, Andoni Lazkanotegi, Jokin Huici eta Joxe Mari Mikelperizena. Parte hartzaileek 4,5 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute, Altzatetik Ibardingo kaxkoraino. 12:00etan itxiko dute Bera eta Ibardin lotzen dituen NA-1310 errepidea, eta 13:30ean abiatuko da lehen parte hartzailea. 

Biharko igoeraren aitzinetik, gaur goizean Berako Herriko Etxeko plazan Berako ikastetxetako haurrekin automobilismoari buruzko jardunaldia egin dute. Lasterketetan pilotu eta kopilotuek erabiltzen dituzte babes neurriak azaldu dizkiete haurrei, pilotoen janzkeraren berri eman diete, eta autoek duten segurtasun sistemak ere azaldu dituzte. Ondotik, haurrek autoak probatu, eta barrenetik ikusteko aukera izan dute. 

Ziharka Sporteko kideek kontatu dutenez, gaurkoa bezalako saioekin automobilismoa «kirol segurua» dela erakutsi nahi dute. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun