Goiuri Zabaleta leitzarra Nafarroako Foru Komunitateko Torneoko finalean ariko da

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 2a, 11:30

Igandeko bi finaletan ariko diren sei pilotariak, tartean Goiuri Zabaleta leitzarra (eskuinetik hasita bigarrena).

Igandean Iruñeko Navarra Arenan jokatuko du Leire Galeanoren kontra, pilota mistoko lau eta erdiko finalean eta binakako finala ere izanen da

Gizonezkoen Buruz Buruko finalarekin katedra zorrotzena liluratu eta astebetera, Navarra Arenako pilotalekuak ikusmin handiko bertze ekitaldi baterako ateak irekiko ditu igandean, Nafarroako Foru Komunitateko Torneoaren bigarren edizioko esku-huskako finaletarako.

Juan Martinez de Irujo luxuzko enbaxadore zela, asteazken arratsaldean aurkeztu zuten igandeko jaialdia, Iberoko pilotari mitikoaz gain, aurkezpenean izan ziren Begoña Etxeberria (Nafarroako Kirol Institutuko zerbitzu zuzendaria), Maite Bueno (Laboral Kutxako eskualdeko zuzendaria), Javier Conde (Nafarroako Pilota Federazioko presidentea) eta Ainhoa Ugarte, txapelketako eta finaleko lehen epaile nafarra, lehiaketa honen, pilotariez haragoko garrantziaren adibiderik onena.

Eta, nola ez, sei finalistak, igandeko benetako protagonistak ere aurkezpenean izan ziren. Leitzako Goiuri Zabaletak Leire Galeanoren aurka neurtuko ditu indarrak pilota mistoko lau eta erdiko finalean eta eliteko partidan Dimako Amaia Aldai eta Andoaingo Nora Mendizabal, Bidaniko Miren Larrarte eta Zizurko Itsaso Erasunen kontra ariko dira, nor baino nor gehiago.

Eta protokolozko ekitaldiaren ondotik, sei pilotariek aukera aprobetxatu zuten Navarra Arenan entrenatzeko. Eurentzat ezezaguna den kantxak erreferente berria izan nahi du, baita emakumezkoen pilotaren barrenean ere.

Finalak Navarra Televisión telebistak emanen ditu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun