‘Bidasoa ibaia garbi’ ekimena antolatu dute ekainaren 18rako Recicla Birziklatu elkarteak eta Behe Bidasoko zazpi udalek

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 2a, 10:00

'Bidasoa ibaia garbi' ekimenaren aurkezpena egin zuten asteazken goizean Irun eta Hendaia arteko oinezkoendako zubian.

Ekainaren 18an ‘Bidasoa ibaia garbi’ ekimena eginen dute, Recicla Birziklatu elkarteak eta Behe Bidasoko zazpi udalek (Lesaka, Bera, Urruña, Biriratu, Hendaia, Irun eta Hondarribia) antolatua. Jarduera, Bidasoa Ibaiatik zein lehorretik hondakinak biltzean datza. Eta ekintzaren formatoak Recicla Birziklatu erakundearen filosofiarekin bat eginen luke: «Era positibo eta atseginean sentsibilizatzea, helduei eta gazteei ingurune naturalez gozatzea, kirola eginez hondakinak biltzen diren bitartean». Ekimenaren berri emateko bildu ziren atzo goizean Irun eta Hendaia arteko mugan, oinezko zubian.

Ur inguruneko garbiketa ekimen honetan parte hartzeko prest dauden enpresek emandako materialarekin eginen da. Erraterako, kayakak, piraguak, paddle surf taulak edo baita surf taulak ere, «ibaitik jaisteko eta aldi berean zaborra kentzeko euskarri egokienak direla uste dugulako». Enpresek emanen duten materiala mugatua izanen da, eta boluntarioei beraiena ekartzeko  aukera emango diete. Lurreko garbiketa bide-gorritik, Bidasoko bide berdetik eta pasealekuetatik eginen da eta boluntarioek garbiketa oinez, edo eta bizikletaz, egin ahal izanen dute.Ibaitik ateratako hondakin guztiak ikusgai paratuko dituzte, herritarrengan ikusmen inpaktua sortzeko helburuarekin. Udal bakoitzari garbitu beharreko ibaiaren zati bat esleitu zaio, beraz, boluntarioek euren bizilekuan jardun beharko dute. Horregatik, mugaren bi aldeetan Bidasoa ibaiarekin muga egiten duten zazpi udalerriengana zuzendu ira; Lesaka, Bera, Biriatu, Urruña, Hendaia, Irun eta Hondarribia. Bidasoa ibaiaren garbiketa globala antolatzeko 2022ko ekainaren 18an.

Recicla Birziklatu elkartearen jarduketa-esparrua Bidasoa eskualdea dela kontuan hartuta, «gure laguntza eman genezake Plaiaundiko Padurak, Bidasoa Ibai Uharteak eta haien ibilgua berreskuratzeko, hondakinen metaketa nabaria den inguruneak giza ekintzen ondorioz».  Recicla Birziklatu elkarteko ordezkariek aipatu dutenez, «bat egin behar dugu, zaborrak mugak ulertzen ez dituela erakusteko, eta gure hizkuntza edo nazionalitatea edozein dela ere, denok norabide berean egin behar dugu arraun gure Natura Ondarea zaintzeko. Uste dugu haren berreskurapena eta kontserbazioa garrantzia dutela eta ezin dugu denbora gehiago igaro ezer egin gabe».

 

Izen-emateak, hitzorduak eta erakusketa

Garbiketara joan nahi duten boluntarioek, urez edo oinez, izena eman beharko dute: 

1. Instagram : @recicla_birziklatu

2. recicla.birziklatu@gmail.com

3. Bioterr-n ekainaren 3/4/5ean.

4. Jardueraren aitzineko astean ere, udalerri bakoitzeko udaletxeetan.

Garbiketa jarduera 08:30/09:00etan hasiko da eta 12:00etan bukatuko da.Boluntario bakoitzak bere bizilekuko garbiketara joan behar du.                        

Azken piknika 12:30ean Irun eta Hendaia arteko Mugako oinezkoentzako zubian izanen da. 

Hondakinen Erakusketa:

1. Irun: Oinezkoentzako zubia

2. Hendaia: Oinezkoentzako zubia, gaur egun itxita. (Hendaia aldean)

Lesaka eta Berako boluntarioak ekainaren 18an, larunbatean 09:00etan geldituko dira, garbiketa lanak oinez egin behar dutenek San Martingo presan (Alkaiaga industrialdean) eta urez egin behar dutenek Txarandakan.  

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!