EKHIÑE ZAPIAIN ARLEGI

«Kontraesan konstante batean bizi dut bertsolaritza»

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 5a, 08:00

Berriki irabazi du Ekhiñe Zapiainek Hernandorena bertso sariketa, eta plazaz plaza ere aritzen da. Bertsotan «gustura» aritzen den arren, bertsolaritzarekin harreman «gorabeheratsua» duela dio

Bertsolaritzarekiko daukan «kontraesan konstantea» emakume eta gazte izatearekin lotu du Ekhiñe Zapiain bertsolari beratarrak. Haurra zela hasi zen bertsotan, eta berriki irabazi du Hernandorena sariketa.

Pasa dira egun batzuk Hernandorena gazte sariketa irabazi zenuenetik. Zer sentsaziorekin zaude?

Nahiko sentsazio onarekin. Egia da ariketa batzuk bertzeak baino hobe joan zirela. Giroa ere goxoa zen, eta niri behintzat saioaren  hagitz oroitzapen ona gelditzen zait. Bertze bertsolariak lagunak nituen, eta uste dut horrek ere lagundu zuela sentsazio hori izaten.

Hernandorena sariketa etorri da orain, baina, 2020ko otsailean Getxoko Abra irabazi zenuen. Zenbateko garrantzia dute horrelako sariketek bertsolari gazteen ibilbidean?

Uste dut horrelako sariketek pisu handia dutela bertsolari gazteongan. Ez dakit horrela beharko lukeen, baina, zoritxarrez markatzen dute erabat gero izanen duzun bertso ibilbidea. Aunitzetan sariketa horiek mugatuak eta gutxi izaten dira, eta sariketa horietan nola egiten duzun erabakigarria da zure bertso jardunean. Erakusleiho garrantzitsua ere badira, baina, ezin da bertsolari gazteon jarduna gazte sariketetara mugatu. Alde baikorrak ere badituzte, baina, ez nuke nahiko hori izatea gure plaza edo erakusleiho bakarra. 

«Sariketek erabat markatzen dute bertso ibilbidea»

Nafarroako Bertsolari Txapelketan ere ikusi zintugun iazko udazkenean. Nolako esperientzia izan zen? 

Gorabeheratsu oroitzen dut. Lehenengo aldia zen izena eman nuela, eta gehiegi pentsatu gabe apuntatu nintzen. Nahiko lasai joan nintzen galtzeko deus ez nuelako, lehenengo aldia zenez, ez nuen inolako presiorik, ez bazen nik neure buruari jartzen niona, eta nahiko handia zen hori. Alde horretatik lasai, ez nuelako deus demostratu behar. Bertze alde batetik, uste dut neure buruari presio handia jarri niola, eta uste dut ez nuela nahi nuen gisa prestatu, eta saio aurreko aste horiek nahiko urduri pasa nituela. Hala ere, uste dut nahiko esperientzia ona izan zela. Ez nituen bertze bertso-kideak horrelako egoera batean ezagutzen, eta nahiko harrigarria izan da lehia hori ikustea.

Plazaz plaza ere bazabiltza. Nolakoa izaten ari da?

Nahiko gazi-gozoa. Orokorrean gustura nago, eta nahiz eta nire ibilbidearen hasiera pandemia testuinguruan izan zen, eta plazak erabat murriztu ziren. Uste dut orain hasi dela lehengo martxa hartzen. Plaza formatu diferenteak ezagutu ditut: bertso musikatuak, bertso afariak... Orain arte gazte sariketetan eta jaialdietan bakarrik kantatu izan dut. Gustura nago probatzen, ikusten zeinetan nagoen eroso, lehenengo aldiz kantu-kide diferenteekin kantatzen... Gustatzen ari zait esperientzia. 

Uda iristearekin bat goiti egiten dute bertso saioek. Nolako uda aurreikusten duzu?

Udako aurreikuspena ez dut argiegi. Bertsolaritzarekin dudan harreman gorabeheratsua da, batzuetan iruditzen zaidalako hagitz gustura nagoela, denbora eskaini nahi diodala, baina, bertzeetan nire beldur, konplexu eta segurtasun faltak sekulako papera jokatzen dutela bertsotan ere. Aunitzetan pentsatzen dut hobe dela tarte batez lasaiago hartzea ni hobeki sentitzeko. Beraz, ez dakit uda honek zer ekarriko didan,  ez neure buruak nondik jokatuko duen. 

«Gustura nago plaza formatu diferenteak probatzen»

Zein leku du bertsolaritzak zure egunerokoan?

Bertsolaritzak sekulako lekua du nire egunerokoan, baina, bertsotan aritzeko horrek ez hainbertzekoa, orain aurkitzen ari naiz zenbateraino sentitzen dudan neure burua bertsotarako gogoz. Aunitzetan saio on baten ondotik izaten dut gogoa denbora eskaintzeko, lantzeko... Baina, egia da saio guztiak ez direla onak izanen, eta badirela saioak ez zarena hain eroso sentitzen. Horrelakoetan ere pentsatzen dut zenbaterainoko gogoa dudan. Kontraesan konstante batean bizi dut bertsoa. 

Emakumea eta gaztea zara. Nabaritu duzu zapalkuntzarik izate horretatik? 

Bai, eta uste dut nire kontraesan konstante hori izatearen arrazoietako bat dela banaizela gaztea eta emakumea. Eta ez bakarrik bertsotan, orokorrean bizitzan horrek suposatzen duen pisu horregatik guztiagatik ematen dizkiodala hainbertze buelta bertze batzuk ematen ez dizkioten gauzei. Emakume eta gazte izateak eragiten du gure jokatzeko moduan, edo izateko moduan. Uste dut horregatik bizi dudala bertsoa horrela, eta bizi dudala bertsoarekin kontraesan hau: batzuetan horren gustura eta bertzeetan hainbertze beldur, konplexu eta segurtasun faltarekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!