Ortziralean abiatuko da Mugaz Gain Berako Antzerki Jardunaldia

Ttipi-Ttapa 2022ko ekainaren 1a

Antzezle gazteen lanak ikusteko aukera eskainiko du Mugaz Gain Antzerki Jardunaldiak.

Ortzirale honetan DBHko ikasleen txanda izanen da eta heldu den astean LHkoena

Ixtaklok elkarteak, Berako Udalaren  laguntzaz antolatutako Mugaz Gain Berako Antzerki Jardunaldia eginen dute ekainaren 3an, 9an eta 10ean Berako Kultur Etxean. Herriko ikastetxetako antzezle gaztetxoez gain, Pasaiakoak ere ariko dira.

Ekainaren 3an, ortziralean, 09:30ean  Pasaia Lezo lizeoko DBH 1, 2, eta 4. mailako ikasleek Bide Gurutzean obra eskainiko dute. Ondotik, 12:00eta Labiaga ikastolako DBH 2ko ikasleen txanda izanen da. Stresa duzula obra taularatuko dute. 

Heldu den astean izanen du jarraipena programazioak lehen hezkuntzako ikasleek antzerkiekin. Ekainaren 9a, ortzeguna, 10:00etan, Labiaga ikastolako 5. mailako ikasleek Gau Beltza antzerkia emanen dute. Ondotik, 12:00etan Bihotz gabeak obra taularako dute Ricardo Baroja eskolako laugarren mailako B gelako ikasleek. Arratsaldean, 18:00etan bi emanaldi horiek ikusteko aukera izanen da ate irekien jardunaldian. 

Hurrengo egunean, ekainaren 10ean, ortziralea, 10:00etan Otsoek ez dute ehizatzen antzezlana eskainiko dute Ricardo Baroja eskolako 4. mailako A gelako ikasleek. 12:00etan Jesusen Bihotza ikastetxeko haurren txanda izanen da, lehenengo eta bigarren mailako ikasleek Harri magikoak obra antzeztuko dute. 18:00etan ate irekien jardunaldia izanen da bi obra horiek ikusteko. 

Emanaldi guztiak Berako Kultur Etxean izanen dira. Goizeko saioetako sarrerek euro bat balio dute, eta arratsaldekoak, bi euro. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun