XXIX. Altxata gasna lehiaketa eginen dute igande honetan Etxalarren

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 1a, 07:00
Gasna onenak sarituko dituzte igandean Etxalarren.

Hainbat ekitaldi prestatuak dituzte ekaineko lehen asteburuan, ohiko egitaraua berreskuratu asmoz

Ohi bezala, ekainaren lehen asteburuan Gasna Feria antolatu du Etxalarko Altxata elkarteak. Egun handia igandekoa izanen da, gasna lehiaketako 29 edizioarekin eta bertze zenbait ekitaldirekin. Halere, larunbat arratsean herriko dantzarien emanaldia ere izanen da.

Ekainaren 4an, gasna feria bezperan, Etxalarko Andre Mari dantza taldearen emanaldiarekin hasiko da asteburuko egitaraua. Emanaldia larunbatean 22:00etan izanen da Etxalarko frontoian eta dantzari helduenek lagun izanen dituzte herriko musikariak, kantu taldea, gaiteroak eta bertze hainbat lagun. 

Ekainaren 5ean, Gasna eta artisau feriaren eguna izanen da. Igandean 10:00etatik 13:30era artisauen postuak eta salmenta izanen da frontoian. 13:30ean XXIX. Altxata gasna lehiaketako sari banaketa eginen dute eta segidan bertso bazkariari paso emanen diote frontoian. Oihana Iguaran eta Unai Mendizabal ariko dira kantari.

Egun osoan eskulan ikastaroko lanak ikusgai egonen dira eskola zaharretan. Iriondoan goizez baserriko tresnen erakusketa zabalik egonen da nahi duenarentzako eta Etxalarko trikitilariek giroa alaituko dute goizean. 

Gasnagileei deia

Ekainaren 5ean, goizean XXIX. Altxata gasna lehiaketa antolatu dute eta inguruko gasna egileek beraien gasna aurkezteko aukera izanen dute. Parte hartu nahi duenarentzat hauek dira lehiaketaren oinarriak:

Bortziriak, Malerreka, Baztan, Urdazubi, Zugarramurdi eta Leitzaldean bizi diren artzain edo gasna egileek parte har dezakete. Ardi latxaren esne gordinarekin egindako gasna txapelketa da. Lehiaketarako gasnak gutxienez 60 egunez onduak izan behar dute. Egile bakoitzak gasna bakarra aurkez dezake eta 15 euro ordainduko zaizkio. Gasnak ekainaren 5ean, igandean 10:00etatik 11:00etara ekarri beharko dira Etxalarko frontoira. Ohiko sariak izanen dituzte eta herriko gasna onena ere sarituko dute. Gasnak, lehiaketa honen antolatzaileen eskutan geldituko dira.

Informazio gehiago eskura daiteke altxata@gmail.com helbide elektronikoan edo 688 73 04 38 telefonoan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun