Jon Macicior Mitxelena

«Akorde batzuk, estrofa bat eta hasi da kanta bat sortzeko prozesua»

Ttipi-Ttapa 2022ko mai. 29a, 08:00

«Arantzan jaio eta Madrilen doktoretza egiten ari den gaztea» da Jon Macicior Mitxelena (Arantza, 1996). Daukan «denbora eskasa» musikarekin zerikusia duten ekintzetan pasatzea du gustuko, baita padelean eta futbolean aritzea ere.

Hiri handira

2018an kimikako gradua bukatu zuen Maciciorrek, «eta Madrilera etorri nintzen kimika organikoan masterra egitera». Masterra bukatzean doktoretza hasi zuen, «hainbat gaixotasunen aurka farmako berriak diseinatzen eta sintetizatzen dituen ikerketa talde batean».

«Gazte naizen momentu honetan», herri ttikian baino, hiri handian dago gusturago; «Madril bezalako hiri batean dagoen entretenimendu eskaintza izugarria da, batez ere gazteontzat. Musika, zinea, kirola, besta… denetik egiten ahal duzu etxetik ordu erdi baino guttiagora eta asteko edozein egunetan».

Lehen akordeak

15-16 urte zituela oparitu zioten lehen gitarra akustikoa, «eta geroztik beti ibili naiz gitarrarekin saltseatzen». Musika etxean ikasi du, «ez dut modu teoriko batean ulertzen, jende aunitz bezala hainbat erreferenteren kantak ikasiz eta kopiatzen ikasi nuen jotzen». Gero, kanta propioak konposatzen hasi zen; «abilezia teoriko falta honen ondorioz erritmo eta melodia nahiko sinpletara mugitu izan naiz beti, betiere betiko lau akordeei ukitu pertsonal edo buelta ttiki bat ematen saiatuz».

«Pop-rock hizkuntzan ulertzen dut musika»

Jon Macicior, Arantzako musikaria

Jotzeko eta konposatzeko modua «entzuten dugun guztiak» baldintzatua dela dio Maciciorrek, «gustatu edo ez». Def Leppard eta Pink Floyd taldeengatik erabaki zuen gitarra jotzen hastea, eta beranduago Berri Txarrak, Foo Fighters eta Biffy Clyro taldeak izan ditu erreferente. «Azken urtean gehiago murgildu naiz gaur egun komertzialagoak diren genero urbanoetan», eta argi du «nire buruak pop-rock hizkuntzan ulertzen duela musika».

Ibilbidea eta bidelagunak

Bere ibilbide musikalean hainbat kide izan ditu; «Kalera bertsio talde bezala sortu genuen Ibai Rosek (bateria), Denis Leizak (baxua), Mikel Leizak (ahotsa eta dultzaina), Beñat Lopezek (ahotsa) eta nik (gitarra), eta ezinbertzekoa izan da nire ikasketa prozesuan. 2017an Itzalak izeneko 13 kanta propioz osatutako diskoa kaleratu genuen eta gitarra izugarri landu dut proiektu honi esker, jotzeko eta baita sortzeko orduan ere.

Azken Trena taldean ere izan zen, «Jokin Pinatxorekin (ahotsa eta gitarra) eta Carlos Garaikoetxearekin (perkusioa) sortua. Modu akustikoan hasi zena baina formatu elektriko handiagora bihurtu zen Mattin Arbelaitzen (bateria) eta Manex Ormazabalen (baxua) laguntzaz. 2017an Zerotik diskoa kaleratu genuen gure 10 kantarekin. Gitarrista bakarlariaren papera hartu eta landu nuen talde honetan».

Erronka berriak

Kantu baten ekoizketa prozesua zein den deskubritzean, «mundu berri bat ireki zen nire buruan; zenbat jakintza teoriko eta tekniko, zenbat zailtasun, ñabardura, zein prozesu zaila… eta zein polita. Momentu horretan galdera bat egin nion nire buruari: gai izango al zara kanta berriak idatzi eta zuk zeuk grabatu eta ekoizteko?

«Pazientziarekin eta orduak sartuta dena da posible»

Jon Macicior, Arantzako musikaria

Mila bideo ikusi ondotik, ordenagailuaren aitzinean eseri eta gauzak probatzen hasi nintzen. Argi dago kimikari batek bere logelatik eta egunean ordu pare batez ez duela inoiz profesional batek bere estudioan sortutako lan baten kalitatea berdinduko, baina hori ez da helburua, entzuteko modukoa eta batez ere jendeak disfrutatzeko modukoa den musika ekoiztea baizik, eta uste dut bete dudala».

Aurriak diskoa izanen denaren lehen bi kantak kaleratu ditu 'Jon Macicior' izenarekin Youtube eta Spotify bezalako plataformetan. «Akorde soil batzuk, estrofa bat eta hasi da kanta sortzeko prozesua. Bi hauek elektronikoenak dira, eta horrek zailtasun estra bat du niretzako, baina hurrengoak estilo aldetik tradizionalagoak izanen direnak; bateria, baxua eta gitarra».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun