Banatu dituzte Baztan-Bidasoko XXXV. bertsopaper lehiaketako sariak

Ttipi-Ttapa 2022ko mai. 27a, 20:00
Baztan-Bidasoko 35. bertsopaper lehiaketako saridunak, Berako kultur etxean sariak jaso ondotik.

Denera 83 lan aurkeztu dituzte eta maila nagusian Eneko Fernandez lesakarra nagusitu da aurten ere

Maiatzaren 27an, ortzirale arratsaldean egin dute Berako Kultur Etxean Baztan-Bidasoko XXXV. Bertsopaper lehiaketako sari banaketa ekitaldia. Denera lau kategoriatan banatu dituzte aurkeztutako 83 lanak, eta kategoria bakoitzean bi saridun izan dira. Sariak banatzearekin bat, irabazleek beren bertso sortak kantatu dituzte publikoaren aitzinean eta aitzinetik, bertso eskoletako gaztetxoek beraien antzerki-emanaldiak egin dituzte.

Saridunak

A mailan (10 urte artekoak) Lesakako Maialen Ormaetxea Errok eskuratu du lehen saria Ikasketak bertso sortarekin. Bigarren saria, Anizko Harriet Ruiz de Larrinaga Maritorenak lortu du Nere urtebetetzea sortarekin.

11 eta 14 urte bitarteko gaztetxoen B mailan, Kattin Madariaga Apaolaza aranztarrak irabazi du sariketa Paper txuriak lanarekin, bigarren saria, berriz, Berako Loitzate Goñi Elortzak eskuratu du DBH bertso sortarekin.

15 eta 18 urte bitartekoen C mailan Berara joan da sari nagusia, Ziortza Goia Mitxelenak irabazi baitu sariketa Heltzeko goizegi bertso sortarekin.

Bigarren saria, Arantzako Gaizka Zulaika Iturriak lortu du Arantzako inauterik izeneko lanarekin.

Maila nagusian, Lesakara joan dira bi sariak. Eneko Fernandez Maritxalar bertsolari lesakarrak irabazi du lehen saria Amore ematea ez da aukera bat bertso sortarekin. Bigarren saria ere, Lesakara joan da, Uxue Mesa lesakarrak irabazi baitu Ikaslearen astea lanarekin.

Bapateko saio labur bat ere egin dute Berako kultur etxean eta sari nagusiak Kattin Madariagak eta Loitzate Goñik eskuratu dituzte eta aipamenak izan dira Elorri Goñi, Izadi Lasaga, Maialen Ormaetxea eta Lexuri Iparragirrerentzat.

Bertso Eguna ekainaren 5ean Lesakan

Bortzirietako Bertso Eskolak, Lesakako udalarekin batera, Bertso Eguna antolatu du ekainaren 5ean Lesakan. Ekaineko lehen igandean bertso-xortak (jarriak, idatziak, musikatuak…) kantatzeko aukera izanen du nahi duenak 12:00etan Antoiun, 12:30ean plazan eta 13:00etan Onin ertzean. Gero, 14:00etan bazkaria izanen dute Arranon. Txartelak 10 eurotan eros daitezke 618 96 30 11 whatsapp zenbakian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun