Udalak bando bidez jakinarazi duenez, Eztegara frontoia itxita mantentzeko erabakia hartu du. Orain arte, egunez irekia egoten zen, eta gauez ixten zuten. Hemendik aitzinera, ordea, frontoia itxita egonen da eta erabili ahal izateko aitzinetik ordua hartu beharko da kiroldegian edo Bera Hurbil aplikazioaren bidez. Edozeinek erabili ahal izango du frontoia, baina modu «kontrolatu eta zentzuzko» batean.
Erabaki hau hartzearen arrazoi nagusia frontoiaren erabilera desegokia da. Erabilera desegoki horren hainbat adibide biltzen ditu bandoak: komunak ez zaintzea, eta tresneria xehatua agertzea; zaborra non-nahi agertzea; goiko harmailetako leihoak etengabe bortxatzea; goiko leihoetatik karrikatik doan jendeari objektuak botatzea; alarma behin baino gehiagotan zartaraztea; aldageletako markoa errotik ateratzea; sute txikiak piztea harmailetako aulkiak errez, sarrerako argiak haustea; su itzalgailuak behin eta berriz hustea...
«Sentsazio orokorra da jende batek pilotalekuan inpunitate osoz jokatzen duela», nabarmendu du Aitor Elexpuru alkateak bandoan.
Bertze udal eraikin batzuk bezala, Kultur Etxea, edo Beralandeta kasu, hemendik aitzinera erabilera «kontrolatua» izanen du frontoiak.