Josu Goiak duela 30 urte hasitako zurezko tailla aurkeztu dute Beran

Ttipi-Ttapa 2022ko mai. 23a, 09:00

Duela 30 urte hasi zuen auzolanean Josu Goia Berako artistak Berako eta euskal kulturako hainbat sinbolo eta erreferentzia biltzen dituen zurezko eskultura egiteko prozesua, eta auzolanean bukatu ondotik, larunbatean egin zuten aurkezpena. 

Aitor Elexpuru alkateak hitz batzuk egin zituen ekitaldia hasteko, ondotik Ekhiñe Zapiain bertsolariak gitarra lagun Josu Goiari buruzko sei bertso kantatu zituen, eta ondotik iritsi zen denak zain zeuden unea: zurezko tailla erakustekoa. 

Aitor Elexpuru alkateak tailla tapatzen zuen papera kendu zuen, eta ondotik Gure Txokoa Dantza Taldeko kideek ohorezko aurreskua dantzatu zuten. Bukatzeko, azken hilabetetan taila osatzeko lanetan ibili den Migeltxo Etxeberriak egindako lanaren eta tailla ikus daitekeenaren azalpenak eman zituen. 

Dozenaka lagun elkartu ziren aurkezpenera, tartean tailla osatzeko lanetan aritu diren herritarrak, eta baita Josu Goia zenaren familiako kideak ere. 

Taillak laukizuzen forma du eta haritz egurrez egina da. 5,94 metro luze eta 2,16 metroko garaiera du. Bertan Euskal Herriko zazpi lurraldeen armarriak ikus daitezke eta Bortzirietakoa ere bai. Arrano beltza ere presente dago. Euskal mitologiako hainbat ikur daude, lauburuak, izarrak eta abar. Bera inguratzen duten mendi esanguratsuen irudiak zizelkatuak daude, herriko auzoen izenekin batera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun