Arantzako X. Mendi Itzulia igandean eginen dute

Ttipi-Ttapa 2022ko mai. 19a, 08:00

Mendizaleek 27,9 kilometro eta 1.600 metroko malda duen ibilbidea egiteko aukera izanen dute. Izen ematea zabalik dago mendizmendi.com atarian. Igandean ere izanen da izena emateko aukera, 06:30etik aitzinera plazan.

Bertze urte batez, Ekaitza Elkarteak prest du Arantzako Mendi Itzulia. Hamargarrena izanen da aurtengoa, eta mendizaleek Arantzako mendi zirkua osatzeko aukera izanen dute. Plazatik abiatuta, malda beheiti eginen dituzte lehenbiziko kilometroak, baina Aranibar baserriaren parean goitirako bidea hartuko dute. Handik Itsaszelaietara (515 m) joanen dira, eta Izu (829 m) izanen dute hurrengo tontorra. Gero ibilbideko hiru gailurrik altuenetatik pasatuko dira: Ibintza (1.032 m), Ekaitza (1.042 m) eta Illurdi (1.075 m). Illurdi da Arantzako tontorrik altuena eta haren ondotik, herrirako bidea hartuko dute mendizaleek Mairubaratza, Zepuru eta Bulatsegin barna, plazara ailegatu arte.

Ibilbidean kontrol puntuak ez ezik, jatekoa eta edatekoa ere paratuko dute eta osasun zerbitzua ere izanen da.

Izen ematea

Dagoeneko izena ematen hasia da jendea eta interesa dutenek oraindik ere izanen dute aukera. Online mendizmendi.com atarian eta egunean bertan 06:30etik aitzinera plazan. Ibilbidean parte hartzeko 15 euro ordaindu beharko dira, eta ibilbide bukaeran, parte hartzaile bakoitzak oroigarri bat hartuko du.

07:00etan hasiko da ibilbidea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun