Abuztuaren 20an eginen dute Arantza Rock jaialdiaren 25. edizioa

Ttipi-Ttapa 2022ko mai. 18a, 20:00
2012ko Arantza Rockeko irudia, Esne Beltzaren kontzertuan plaza goraino bete zenekoa.

Bueltan da Arantza Rock! Azken bi urteotan egindako geldialdiaren ondotik, «herri ttiki honetako tradizioari eutsiz, abuztuaren 20an, 25. urteurrenez, Arantza Rock antolatzeko bildu gara gazteak». Halaxe iragarri du Arantzako Gazte Asanbladak. Eta gazte asanbladari laguntzeko pilota eta frontenis txapelketak antolatu ditu.

«Gure esku dagoena antolatu eta egin ahal izateko, lana gogoz» eginen dutela adierazi dute gazte asanbladako kideek, baina laguntza eskatu dute eta horretarako antolatu dituzte pilota eta frontenis txapelketak. Herritarrei eta herritik kanpokoei egin diete animatzeko deia, «Arantza Rocken alde eman dezagun pilotakada».

Pilota txapelketa

Pilota txapelketa ekainaren 11n, larunbatarekin, eginen dute, Arantzako frontoian. Binaka jokatuko dute eta izena ekainaren 2rako eman beharko da. Bikoteko zortzi euro ordaindu beharko dira eta esku dirutan edo Bizum bidez egiten ahal izanen da ordainketa. Interesatuek 611 43 72 53 telefonora idatzi beharko dute.

Frontenis txapelketa

Frontenis txapelketa, berriz, abuztuaren 5ean eginen dute, Arantzako frontoian, eta izena uztailaren 2a baino lehen eman beharko da. Hau ere bikoteka izanen da eta bikoteko zortzi euro ordaindu beharko dira. Kasu honetan ere, esku dirutan edo Bizum bidez egiten ahal izanen da ordainketa eta parte hartu nahi dutenek 689 13 50 27 telefonora deitu beharko dute.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun