Xulufrinen bila emakumeen* mendi ateraldia egin dute Lesakan

Ttipi-Ttapa 2022ko mai. 18a, 08:00

Joan den igandean emakumeen* mendi buelta egin zuten Lesakako mendietan xulufrinen bila. Adin guzietako hamar bat emakume bildu ziren, lau ordu inguruko mendi buelta egin zuten giro ederrean, eta Lorea Flores Compains taldekideak xulufrinen inguruko azalpenak eman ondotik horiek dauden leku batera joan ziren «gure sare feministari izena ematen dioten loreak ikustera. Loratze garaiaren akabera izanik, guti batzuk baino ez genituen ikusi, baina aurkikuntza ederra izan zen!». 

Gogoratu nahi dute xulufrinak galtzeko arriskuan dauden loreak direla, babestuak daudenak, eta, beraz, horiek usaindu, ikusi, baina ez hartzeko eskatzen diete herritarrei, «ez ipurditik aterata ezta moztuta ere (horrela ere kaltetzen dira), kontserbatu beharreko gure natur ondarearen parte baitira». 

Datozen ekitaldiak

Udaberriko Agenda Feministaren barrenean, ekitaldi gehiago ere antolatu ditu Lesakako Xulufrinak Sare feministak. Ekainaren 5eanM: ama*, eme*, ume* liburua aurkeztuko dute Erika Lagoma Pombar eta Estitxu Fernandez Maritxalar lesakarrek, 18:00etan udaletxeko pleno aretoan.

Ekainaren 16tik uztailaren 3ra, azkenik, Lumineszenteak, emakumeen aurkako indarkeria ikusezinak, eta erresilientzia historia zenbait erakusketa ikusgai paratuko dute Harriondoa kultur etxeko komentuan. Irantzu Pastor herriko argazkilariaren eta Igone Mariezkurrena kazetariaren proiektua da Lumineszenteak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun