Beti Gazteko jubenilen ohorezko mailako finalera Beasainera autobusean joateko aukera eman dute

Ttipi-Ttapa 2022ko mai. 18a, 07:00
Beti Gazteko jubenilek denboraldi ikaragarria egin dute eta finalerako sailkatzea lortu dute. Argazkia: Bidal Etxarte

Larunbatean 17:00etan jokatuko dute Bergararen kontra eta jokalariekin batera joan daiteke

Beti Gazteko jubenilek Gipuzkoako ohorezko mailako finala jokatuko dute larunbatean 17:00etan Beasaingo Loinaz zelaian, Bergararen kontra. Partida handia izanen da, lehen aldiz historian jokatuko baitute Lesakako gazteek kategoria honetako final bat, irabaztekotan lehen aldiz euskal ligan jokatzeko aukera emanen diena, Gipuzkoakoak ez ezik, Araba eta Bizkaiko taldeen kontra. Jokalariak autobusean joanen dira Beasainera eta beraiekin batera joateko aukera ere eman du Beti Gaztek.

Izena emateko, ‘Bergara – izen abizenak’ mezua bidali beharko da Beti Gazteren Whatsapp zenbakira. Plaza mugatuak dira eta izena emateko hurrenkeraren arabera beteko dira plazak. Adin ttikikoek heldu batekin joan beharko dute.

Duela urte bat baino guttiago, Beti Gazteko nagusiek ere Beasainen jokatu zuten Gipuzkoako Ohorezko mailako finala, hirugarren mailarako igoera lortu berritan. Orain, eszenario bera izanen dute, baina orduan ez bezala, zaleek zelaira sartzeko aukera izanen dute eta ea orduko emaitza ere hobetzen duten gazteek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun