Gaurtik Beran pediatrarik gabe gelditu dira eta oraingoz ordezkoa etortzeko aurreikuspenik ez

Ttipi-Ttapa 2022ko mai. 17a, 16:15

Gaur zuen azkeneko lan eguna Beran lanaldi erdian ari zen pediatrak. Orain erizaina bakarrik gelditu da Beran eta Ruth Gonzalez Santo Tomás Bortzirietako Osasun Eremuko zuzendariak TTIPI-TTAPAri adierazi dionez, «oraingoz ez dago inolako aurreikuspenik Berako pediatra ordezkatzeko, Nafarroako Gobernuak ez baitu oposizio-deialdirik egin lanpostu hori betetzeko». Azkeneko sei hilabeteotan, Baztanen ere pediatrarik gabe daude, Iñaki Marcos Baztango Osasun Eremuko zuzendariak erran digunez.

Eta orain zer?

«Bortzirietan pediatraren beharrean dauden guztiek Lesakako Osasun Etxera joan beharko dute», dio Ruth Gonzalezek. «Orain Lesakako pediatraren kargu geldituko dira Bortzirietako haur guztiak», gaineratu du eta egoerak kezka berezia sortzen dio. «Ez dago inolako aurreikuspenik Berako pediatra ordezkatzeko, gobernuak ez baitu sikiera oposizio-deialdirik egin lanpostua hori betetzeko. Eta Lesakako pediatra ere laster jubilatzeko adinean dagoela kontuan hartzen badugu, arazo honek dezente okerrera egin dezake», azpimarratu du Ruth Gonzalezek. «Nahitaezkoa da Nafarroako Gobernuak epe luzeko planteamendu bat egitea landa eremuetan aplikatzeko. Izan ere, Nafarroako herri ttikietan hutsik gelditu diren lanpostuak ateratzen dituztenean, maiz, oposizio bidez lanpostua ateratzen duenak uko egiten dio eta, aukeran, Iruñera alde egiten du. Horrela ezinezkoa da osasun zerbitzu egoki bat eskaintzea herritarrei».

Baztanen ere pediatrarik gabe azkeneko sei hilabeteotan

Iñaki Marcos Baztango Osasun Eremuko zuzendariak erran digunez, sei hilabete daramatzate pediatrarik gabe. Bitarte honetan, «batzuetan arratsaldez Lesakako pediatra etortzen da eta bertze batzuetan larrialdietako medikua».

OROITU, osasun etxera eta kontsultategietara joaterakoan musukoa eramatea nahitaezkoa da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun