Heldu den ortziralean bukatuko da Berako bestetako egitaraurako azal lehiaketan lanak aurkezteko epea

Ttipi-Ttapa 2022ko mai. 19a, 12:00
Berako bestetako giroa islatu beharko dute aurkeztutako lanek.

Lanak heldu den ortzirala baino lehen, maiatzaren 27ko 13:30ak baino lehen jasoko dira, Herriko Etxeko bulegoetan

Lehiaketa irekia da, hau da, nahi duenak parte hartu ahal izanen du lehiaketan eta nahi bezainbertze lan aurkeztu ahal izanen ditu. Lanek Berako bestetako giroa islatu beharko dute eta azalean 'Berako Bestak 2022' testua bakarrik agertu beharko da. Argazkiak edo irudiak koloretakoak izan behar dira, ez da diapositibarik onartuko eta paperean aurkeztuko dira, bertikalki 18 x 27 zentimetroko neurrian, euskarri sendoan eta modu egokian paketatuak. 

Gaia, estiloa eta teknika librea izanen da, betiere Berako besta giroa islatzen badu. Genero irudikapenean erabilitako irudiek oreka bilatu beharko da lanetan, rol eta estereotipo tradizionalak azpimarratu gabe, eta sexu, arraza, adin, kultura edo sexu-aukeraren arloan ezberdintasunen tratamendu gutiesgarria saihestuz.

Lanek jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izan behar dute, eta ez da onartuko bertze neurri batean argitaratutako lanen kopiarik, ez eta bertzelako artisten plagiorik ere. 

Lehenengoz azal lehiaketaren irabazlea herritarrek erabakiko dute bozketa bidez

Lanen gibelean goitizen bat baino ez da paratuko (izenak dituzten lanak ez dira onartuko) eta aparteko gutun-azal batean erantsiko dira egilearen datuak, kanpoko aldean goitizena paratuz. Gutun-azalaren barruan, orri batean, ondoko datuak agertu beharko dira: izen-abizenak, adina, helbidea, posta kodea, herria eta probintzia, telefonoa eta posta elektronikoa.

Lehenengoz azal lehiaketaren irabazlea herritarrek erabakiko dute bozketa bidez, eta hemendik gutira jakinaraziko dute nola eginen den bozketa hori. Lehiaketaren erabakia bakarra izanen da eta ezin izanen da inolaz ere helegiterik paratu.

Saritutako lana udalaren esku geldituko da iragarpen, argitalpen, zabalkunde eta abarren eskubide guztiak altxatuko ditu, betiere egiletza aitortuta.  Saria bakarra izanen da, eta irabazleak 400 euro jasoko ditu (%15eko PFEZ atxikipena ezarriko zaio). 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun