Nafarroako eta Espainiako Half triatloi txapelketa jokatu zen larunbatean Nafarroan. 1.450 kirolarik parte hartu zuten eta Allozko urtegian 1,9 kilometro igerian, bizikletan 85 kilometro eta lasterka 19 kilometro eta erdi egin ondotik, Iruñeko Gaztelu Enparantzan izan zuten helmuga. Beti Gazteko Bixente Igarzabal bikain ibili zen eta beteranoen bere kategorian Nafarroako txapeldun izan zen eta Espainiako txapelketan hirugarren. Sailkapen orokorrean 51. izan zen Igarzabal.
Bixente Igarzabalek denera 4 ordu, 25 minutu eta 47 segundo behar izan zituen ibilbidea osatzeko. Honela, Nafarroako txapeldun izan zen 50 eta 60 urte arteko kirolariak biltzen dituen V2 kategorian. Espainiako txapelketan, berriz, 50 eta 55 urte artekoak biltzen dituen Master50 kategorian hirugarren izan zen, Pablo Baltasar Otero (4.23.49) eta Xavier Montesinosen (4.24.25) gibeletik. Beraz, lehen postutik bi minutu eskasera gelditu zen lesakarra.
Ohi bezala igeriketako saiotik nahiko gibelean atera zen Igarzabal (35.14), baina bizikletan postu aunitz egin zituen aitzinera (2.16.33) eta lasterkako tartea ere ongi egin zuen azkenik (1.26.22).