Josuk Goiak hasitako zurezko eskultura moldatu dute auzolanean Beran, eta larunbatean aurkeztuko dute

Ttipi-Ttapa 2022ko mai. 17a, 13:00
Duela 30 urte hasi zuen proiektua Josu Goiak, baina, 2018an zendu zen eta ezin izan zuen bukatu.

Duela 30 urte hasi zuen Josu Goia Berako artista entzutetsuak Berako eta Euskal herriko hainbat ohitura eta sinbolo jasotzen dituen egurrezko eskultura, baina, 2018an zendu zen Goia eta bukatu gabe gelditu zen proiektua. Berako hainbat herritarrek Malerrekako hiru eskulangileren laguntzarekin bukatu dute orain Goiak hasitako lana eta larunbat eguerdian, maiatzaren 21ean, aurkeztuko dute Beran 12:00etan eginen duten ekitaldian. 

Duela 30 urte Berako eta Euskal kulturako hainbat sinbolo eta erreferentzia biltzen dituen tailla bat egiteko prozesua abiatu zuen auzolanean Josu Goia Berako artistak. Hasi bai, baina, hainbat arrazoirengatik bukatu gabe gelditu zen proiektu hura, eta 30 urtez Goiak Etxalarren zuen etxeko sotoan egon da egurrezko tailla. 2018an zendu zen Goia, baina, horren aitzinetik orduko udal taldeari eskultura hori bukatzeko nahia adierazi zion. Tailla paratzeko lekua ere zehaztu zuen: Herriko etxeko arkupea. 

Josu Goia 2018an zendu, eta bertan behera geratu zen asmo hori, harik eta iazko udazkenean Rafa Unsionen ekimenez tailla hori Etxalartik Berara ekarri eta auzolanean moldatu duten arten. Alkaiagako pabiloi batera eraman, eta hamaika laguneko taldea ibili da figura osatzen, Malerrekako Migeltxo Etxeberria, Jose Inazio Telletxea eta Luis Mari Esarte adituak gidari lanetan zituztela. 

Lauki zuzen formakoa tailla da, haritz egurrez egina, eta 5,94 metro luze eta 2,16 metro garai dena. Euskal Herriko zazpi lurraldeen armarriak ikus daitezke, baita Bortzirietako armarria ere. Euskal mitologiako hainbat erreferentzia daude, lauburua erraterako, eta Arrano Beltza ere ageri da. Bera inguratzen duten mendi esanguratsuen irudiak ere zizelkatuak daude, Berako hainbat auzotako izenekin batera. 

«Altxor» hau berreskuratu eta moldatzea «auzolanaren bertze adibide eder bat» dela azaldu du Aitor Elexpuru Berako alkateak, eta tailla bukatzeko lan egin duten norbanako guztiak eskertu nahi izan ditu: «Tailla landu den Alkaiagako pabiloiaren jabeak, adituak, zizelkatzen aritu den boluntario taldea, eta isilean, inurri lanean aritu diren bertze hainbat lagun, horiek gabe ezinezkoa izanen litzatekeelako amets hau egia bihurtzea». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun