Etxalarko udalak saihesbidean eta baserri bide nagusietan hobekuntzak egiten 250.000 euro inbertituko ditu

Ttipi-Ttapa 2022ko mai. 14a, 11:00

Mantentze-lan hauek uda hasieran egitea aurreikusten du udalak eta denetara 246.704 euro inbertituko ditu herriko saihesbidea eta Urritzokieta, Larrapil-Sarriku, Lurriztiederra, Lakain-Apezborro eta Gorosurreta auzoetako bide nagusiak hobetzeko. Oraingoz mantentze-lan hauetatik kanpo gelditzen da Etxalartik Zugarramurdi eta Baztan aldeko bidea. Horretarako dirulaguntza eskatua dio udalak Nafarroako Gobernuari baina oraingoz ez du hartu haren jakinarazpenik.

Inbertsioaren xehetasunak

Asfaltoarekin edo hormigoiarekin bideko zuloak eta arraildurak tapatzen eta beharrezkoa den tokietan pendoitzak indartzen 246.704 euro inbertituko ditu udalak bere diruetatik. Proiektu honek, zehazki, honako gastu-banaketa du:

Urritzokieta 61.181 €
Larrapil-Sarriku 19.119 €
Lurriztiederra 45.621 €
Lakain-Apezborro 67.361 €
Gorosurreta 32.416 €
Herriko saihesbidea 4.280 €
Proiektua egiteko ingeniaritza 8.363 €
Proiekturen zuzendaritza 8.363 €
DENETARA 246.704 €

 

Zugarramurdi eta Baztan aldeko bidea moldatzeko dirulaguntzaren zain

Bide horrek izaera berezia duenez, iaz udalak dirulaguntza eskatu zion propio Nafarroako Gobernuari eta momentu honetan jakinarazpena hartzeko esperoan daude. Denetara 102.000 euro inguruko inbertsioa aurreikusita dago Urtsumiats arte mantentze-lanak egiteko eta diru horretatik % 60 (61.200 € inguru) Nafarroako Gobernuak finantzatuko luke eta gainerako Etxalarko udalak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun