Noelia Almandoz Lukanbio

«Ikasten ari naizen gradua ikaragarri gustatu zait»

Ttipi-Ttapa 2022ko mai. 14a, 08:00

Arantzako neska gaztea da Noelia Almandoz. Ikasketak Donostian egiten ditu eta aurten Italiara joatea erabaki du.

Nola definituko zenuke zeure burua?

Pertsona alaia, pixka bat eroa eta lagunkoia naizela erranen nuke.

Zein dira zure zaletasunak?

Nire zakurrekin mendira joatea, irakurtzea eta konpainia eta musika onarekin zerbeza bat gustura hartzea.

Zer ikasten ari zara?

Instalazio eta altzari hornikuntza ikasten ari naiz Donostian.

Zergatik erabaki zenuen Instalazio eta altzari hornikuntza ikastea?

Atentzioa eman zidan eta zerbait berria probatu nahi nuen.

Zer ikasten duzue zehazki graduan?

Gradua nahiko praktikoa da, lehenbiziko urtean zurgintza arloan gehiago murgildu ginen, gure altzariak eginez. Bigarren urtean, berriz, ordenagailuko programetan gehiago sakondu dugu, diseinu arlora gehiago hurbilduz.

Erasmusen Italiara joatea erabaki duzu aurten. Zergatik?

Bai, zehazki Boloniara. Egia erran, ez zen nire lehenbiziko aukeretako bat izan, baina atentzioa eman zidan hizkuntzak, eta hagitz gustura nago.

Zer izan zen hara ailegatzean gehien harritu zintuena?

Orokorrean euren antolaketa falta erranen nuke, baita hagitz gaizki gidatzen dutela ere.

Desberdintasun kultural handiak daude?

Ez, Euskal Herriarekin parekotasun handia du Italiak.

Eta hezkuntzari eta ikasketei dagokienez?

Nik ikusi dudanaren arabera, desberdintasunak nabaritu ditut. Bertan askatasun gehiago dutela erranen nuke, ezin dut errazagoa dela erran baina bueno, hortan utziko dut...

Zeintzuk dira zure asmoak epe motzera?

Ikasten segitzeko asmoa dut, sartu naizen arlo hau ikaragarri gustatu zait eta ahalik eta gauza gehien ikasten segitu nahi dut.

Eta epe luzera?

Ikasi dudan honetan lan egitea espero dut.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun