Jon Altuna, Berako suhiltzaile boluntarioa

«Suhiltzaile izateko gogoa izatea da garrantzitsuena»

Ttipi-Ttapa 2022ko mai. 14a, 09:00
Berako suhiltzaileak iazko abenduko uholdetan lanetan.

1906. urtean sortu zuten Beran Nafarroako lehen suhiltzaile parkea. Geroztik, dozenaka dira suhiltzaile boluntario gisa lanean aritu diren herritarrak. Kide berriak biltzeko deia egin dute berriki. Jon Altuna, Berako suhiltzaile boluntarioak eman dizkigu azalpenak.

Suhiltzaile boluntario izateko deia zabaldu duzue Beran, zergatik?

Azken aldian jende dezente joan da taldetik adinagatik eta arazo pertsonalengatik, eta gutxi geratu gara. 11 gara taldean orain, eta ongi etorriko litzaiguke jende gehiago elkartzea taldera. 

Zein motatako herritarrek osatzen duzue taldea gaur egun?

Bortz nahiko helduak dira, eta gainerakoak gazteagoak, 20 urtetik 38 urte artekoak, eta hasi berriak. Gizonak zein emakumeak gaude taldean. 

Zein dira suhiltzaile boluntarioen egitekoak?

Larrialdi bat baldin bada herrian gu gara ateratzen garen lehenengoak. Larrialdi zerbitzutik iristen zaigu abisua,  bai sute bat bada edo baita uholdeetan, istripuetan edo erreskateak egiteko. 

Zein izaten da une horretan zuen lana? 

Profesionalak etorri bitartean lehen arreta ematen dugu. Gero, Oronoz-Mugairiko suhiltzaileak etortzen dira, eta beraien agindupean paratzen gara. 

Zergatik da garrantzitsua Beran suhiltzaile boluntarioak izatea? 

Oronoz-Mugairiko suhiltzaileen parkea 30 minututik gora dago kamioian, eta etxe batek edo tximinia batek su hartzen badu gu hagitzez ere lehenago ailegatzen ahal gara. 

Larrialdi bat baldin bada herrian gu gara ateratzen garen lehenengoak

Nolako prestakuntza jasotzen duzue?

Guk gure artean praktika saioak egiten ditugu hilabetean behin, baina horrez gain Iruñean profesionalekin ikastaroa egin behar da. Ez da ikastaro hagitz sakona, baina, oinarri bat izateko balio du. 

Zein baldintza bete behar dira suhiltzaile boluntario izateko?

18 urtetik gorakoa izan behar da. 16 urtetik gorakoen kasuan, heldu baten ardurapean izan beharko luke. Horrez gain, garrantzitsuena gogoa izatea da, ez da bertzelako baldintza fisiko berezirik behar. 

Azken uholdeetan eta iazko sute handian ezinbertzekoa izan zen zuen lana. Uste duzue herritarrek behar bezala eskertzen dutela?

Nik pentsatzen dut baietz, edo hori pentsatu nahiko nuke. Tximinia bat erretzean nabaritzen da esker ona. Uholde edo mendiko sute batean? Egia da azken uholdeetan ez genuela herritarren laguntza handirik izan. Iruditu zitzaigun jendeari berdin zitzaiola, eta uste zutela gure lana zela kalea garbitzea, eta ez da hala. Gu larrialdi batean ateratzeko prest gaude, baina, bertze horiek ez dira gure egitekoak

Instituzioen babesa jasotzen duzue? 

Nafarroako Gobernuak ematen du dirua suhiltzaile parkearen azpiegiturak mantentzeko, eta Berako Udalak ere bai. 

Norbaitek suhiltzaileen parte izan nahi badu, zer egin beharko luke? 

Herriko etxera deitu, eta han erran parte hartu nahi duela. Beraiek jarriko dira gurekin harremanetan, eta guk erranen diogu noiz hasi, noiz egin praktikak eta arropa noiz emanen diogun. 

Badira egun batzuk deialdia luzatu zenutela. Nolako erantzuna izan du orain arte? 

Momentuz ez dugu erantzun zabalik izan. Hondarribiko suhiltzaile profesional batek kontaktatu du laguntzeko interesa duelako, eta berarekin paratu gara harremanetan, baina, bertze erantzunik ez dugu jaso. Zain gaude. Hala ere, ohartzen gara zerbait boluntarioa dela, zure denbora eman behar duzula, eta ez dela erraza izaten. Ea norbait animatzen den. 

Zenbat denbora eskaini behar zaio lanari? 

Argi izan behar da ez duzula beti herrian egon behar. Etxean bazaude eta joateko deia jasotzen bada joan behar da. Baina horrek ez du erran nahi ezin zarela hemendik atera hondartzara, edo oporretara. Herrian barrena bazaude erantzun behar duzu deia. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun