Bortzirietako XV. Garapen jardunaldiek Lehen Hezkuntzatik Bigarren Hezkuntzarako urratsa landuko dute larunbatean Beran

Ttipi-Ttapa 2022ko mai. 11a, 14:00

Bortzirietan Lehen Hezkuntzatik Bigarren Hezkuntzarako urratsa aztertu eta landuko du aurten maiatzaren 14an Berako kultur etxean eginen den Bortzirietako Garapen Jardunaldien hamabosgarren edizioak. Ohi bezala, Lesakako Osasun Etxeak eta Bortzirietako Guztiok elkarteak antolatu dituzte jardunaldiak, Berako udalaren eta La Caixa Gizarte Ekintzaren laguntzarekin.

Egitarauari dagokionez, maiatzaren 14an, larunbatean 09:00etan jardunaldiaren aurkezoena eginen dute Berako kultur etxean. 09:15ean ANFAS, Guztiok, Aspace eta Konektoma elkarteek egiten duten lanaren berri emanen dute. Ordu erdiko atsedenaldiaren ondotik, 10:45ean ‘Bortzirietan  Lehen Hezkuntzatik Bigarren Hezkuntzarako urratsa’ solasaldia emanen dute Eva Betbesé Mullet, CERMIN erakundeko Lleidako adituak eta Toki-Ona institutuko ordezkariek, batez ere behar bereziak dituzten neska-mutikoei begira. 12:00etatik 13:00etara galderen eta iradokizunen txanda izanen da.

Izena emateko, ondoko irudiaren QR kodea erabil daiteke.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun