Amatasunari buruzko ‘M, ama* eme* ume*’ liburua aurkeztu dute Estitxu Fernandez eta Erika Lagoma lesakarrek

Ttipi-Ttapa 2022ko mai. 6a, 09:00
Erika Lagoma eta Estitxu Fernandez lesakarrek ortzegunean aurkeztu zuten Tene Mujika beka irabazi duen liburua.

Tene Mujika beka irabazi ondotik argitara eman dute, Elkar argitaletxearen eskutik

Debako udalak sustatutako Tene Mujika beka irabazi ondotik M, ama* eme* ume* liburua landu eta argitara eman dute Erika Lagoma Pombarrek (Lesaka, 1981) eta Estitxu Fernandez Maritxalarrek (Lesaka, 1975). Maiatzaren 5ean, ortzegunean aurkeztu zuten amatasunari buruzko liburua Donostian, Elkar argitaletxearen eskutik, «emozioz beterik».

Erika Lagomak eta Estitxu Fernandezek feminismotik eta amatasunetik pentsatu eta gauzatu dute honako liburu hau, hamahiru lekukotasun jasoz, hamaika ama eta bi aitaren testigantza bana: bikotedunak eta bikote gabeak, heterosexualak eta homosexualak, ama bakarrak, adoptatzaileak, ama ez izatea erabakitakoak…

Askotarikoak dira esperientziak eta bizikizunak, ugariak iritziak eta desberdinak mundu-ikuskerak; guztiak ere aberasgarriak eta zer pentsatua ematen dutenak. Ama anitzek ikusiko dute beren burua islatuta haren edo honen kontakizunean, eta era berean sentituko dute beren ikuspegia edo eskarmentua falta dela, nork bere modura bizi izan duelako amatasuna. Horientzat denentzat, bai ama izan ez diren emakumeentzat (beren erabakiz edo ezinez) nahiz gaiarekin sentsibilizaturik sentitzen diren gizonezkoentzat da liburu hau, inertziak apurtuz, geure buruarekin adiskidetzeko eta denon artean mundu justuago eta bizigarriago bat eraikitzeko gonbita egiten diguna.

Sinopsia

Haurdunaldia, erditzea, erdiondoa, umearen zaintza… tradizioz emakumeari egokitu zaizkion eginkizunak dira denak ere, batzuk biologiaren indarrez, beste batzuk gizartearen antolamenduaren erruz. Horrenbestez, ez da harritzekoa, feminismoak andrazkoen emantzipazioaren alde egiten duen borrokan, amatasunari destainaz edo gutxienez deserosotasunez begiratu izana, patriarkatuaren tresna bat delakoan, emakumeak betiko betebehar eta menpekotasunei loturik mantentzeko. Alabaina, amatasuna instituzio gisa emakumezkoen autonomiarako muga, haien garapenerako traba eta askatasunerako oztopo izanik ere, ezin da ukatu, era berean, haur bat mundura ekartzea, bere zailtasun, min eta neke guztiekin ere, esperientzia guztiz eder eta zirraragarria dela emakume askorentzat, edo hala izan litekeela eta izan beharko lukeela, behintzat, inguruak (gizarteak, komunitateak, legeek) lagunduz gero.  

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun