Sanferminetako kartel eta programaren azal lehiaketa deitu du Lesakako udalak

Ttipi-Ttapa 2022ko mai. 4a, 07:00

Sanferminetarako prestatzen hasiak dira Lesakan. Oraingoz, kartel eta programaren azalerako lehiaketa deitu du udalak.

2022ko Sanferminetako programaren azala eta bestak iragarriko dituen kartela aukeratzeko lehiaketa deitu du Lesakako udalak, herrian sortu edota bertan bizi direnentzat. Lanak udal bulegoetan aurkezteko epea maiatzaren 17ko 13:00etan bukatuko da, lehiaketa hauetan ohikoa den sistema erabiliz.

Azalaren egileek erne egon behar dute, programaren formatua eta, beraz, azalen neurria aldatu eginen baita aurten. 210x210 mm-koa izanen da osotara (3 mm-ko tartearekin). Kartelaren neurrian ez da aldaketarik izanen eta DINA2 neurrikoa (420x594 mm-koa) izanen da. Derrigorrez, ‘Lesaka 2022ko Sanferminak’ agertu beharko du bietan

Kartel nahiz azal lehiaketen irabazleek 250 euroko saria izanen dute. Kartela argitaratu eginen da eta azaleko lehen saria programaren aitzineko azalean joanen da.

Bertze aldetik, gibeleko azala aukeratzeko, Lesakako ikastetxetan ikasten ari diren 6 urtetik 12ra bitarteko haurrei zuzendutako portada lehiaketa ere deitu du Udalak. Hauen lanak ere (210x210 mm-ko formatuan) maiatzaren 17rako aurkeztu beharko dira udal bulegoetan. Irabazlearendako saria, Lesakako dendetan eskolako materiala erosteko 100 euroko balioa duen saria izanen da, eta irudia programaren gibeleko azalean argitaratua ikustea, noski.

Aurkezten diren lan guztiekin erakusketa bat osatuko da. Azken urteetako ohiturari eutsiz, herri bozketak erabakiko du lehiaketa. Horretarako, erakusketak irauten duen bitartean, bertan, bozka emateko aukera izanen dute Lesakan jaioak edo bertan erroldatuak direnak. Honetaz gain, udalaren webgunearen bidez ere bozkatzeko aukera izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun