Osasun Bidasoa Plataformak oroitarazi duenez, «une erabakigarri baten aitzinean gaude». Bere hitzetan, «lortu nahi dugun ospitalea merezi dugula aldarrikatzeko aukera bikaina da», izan ere, Gotzone Sagardui Osasun Sailburuak «Bidasoa Ospitaleko bloke kirurgikoko obrak hutsetik hasiko direla adierazi du, hau da, proiektu berria martxan jarri nahi dela».
Aldarrikapenak «berresteko unea» da plataformaren irudiko eta alde batetik, «eskualdeko eragile guztiekin mahai bat osatzearen» beharra nabarmendu du: «osasun profesionalekin, udalekin eta osasun langileek eta eskualdeko elkarte eta mugimenduek ordezkaritza zabala duten Osasun Bidasoa Plataformarekin.». Eta bertzetik, «eraikin gehigarria eraikitzearen aldeko apustua» berretsi du: «Gure ustez Bidasoa Ospitalea berritzeaz eta hobetzeaz gain, handitu egin behar da, adibidez, Zumarragan egin duten bezala».
Autobusa
Horregatik maiatzaren 9an Gasteizera joateko deia egin diete herritarrei, «azken hilabeteotan egin duten bezala, lagun dezaten». Autobusa ere antolatu dute eta 09:45ean abiatuko da Beratik, Iamotenea paretik. 10:00etan eta 10:05ean Irunen (Bixeran eta Irungo bentetan) ere geldialdia eginen du. Gasteiztik 14:00 aldera itzuliko dira.
Izena emateko 747 49 00 28 telefonora deitu behar da maiatzaren 5a baino lehen. Bidaiari bakoitzak hamaika euro ordaindu beharko ditu.