Bi kasuetan gehieneko kargatze potentzia 44kw-ekoa da, eta bakoitzean bi ibilgailu batera kargatzeko gaitasuna daukate. Berakoa, liburutegiaren eta Elektrobiaren artean dagoen aparkalekuan dago (Eztegara frontoiaren parean); eta Lesakakoa, Mastegi futbol zelaiaren ondoan, suhiltzaileen eta Andramari zahar etxearen artean.
Puntu hauek erabili ahal izateko “Charge and Parking” aplikazioa instalatu beharra da, eta bertan izena eman (https://eus.chargeandparking.com/eu). Hasiera batean 0,40€/kwh prezioa paratu dute, eta prezio hau etorkizunean elektrizitatearen prezioaren bilakaerarekin berrikusiko dute.
Bi udalek aldaketa klimatikoaren aurkako bertze pausu txiki bat eman nahi izan dute instalazio hauekin, eta herritarrei trantsizio energetikoan lagundu. Kontsumo energetikoa murriztu eta energia berriztagarriak erabiltzeko konpromisoan sakontzen segitzeko asmoa dute bi udalek, eta kasu honetan bezala herrien arteko elkarlana bultzatuz, bi herrietarako soluzio bera ezarriz.