Joel Gil Goienetxe

«Gazteak entrenatzea ederra da eta harreman hagitz onak egiten dira»

Ttipi-Ttapa 2022ko mai. 1a, 08:00

23 urteko Lesakako gaztea da Joel Gil Goienetxe. «Lagunekin edozein plan egitea» du gustuko; «mendira egun batzuk pasatzera joatea, bizikletan irteera batzuk egitea, asteburu pasa joatea… baina batez ere futbola da nire zaletasunik handiena».

Ttikitatik baloiari ostikoka

Futbola ikusteko eta bizitzeko modu aunitz daude, bakoitzak bere modura ulertzen du baina Gilek argi du: «niretzat taldean lehiatzeko kirol hoberena da, familia bat sortzen duen kirol ederra baita». Hala ere, «lehiatzerako orduan dena ematen dut eta ez zait inoiz galtzea gustatzen».

Ttiki-ttikitatik aitarekin parkera edo «edozein lekutara» baloi batekin joaten zen, eta «Mastegi futbol zelaira edo Sadarrera eramaten ninduen ahal zuen guzietan». Hortik heldu zaio futbolerako duen zaletasun handia. 6-7 urte zituela hasi zen Beti Gazten jokatzen, eta geroztik baloiari ostikoka aritu da gelditu gabe.

Beti Gazteren gorabeherak

Azken urteetan, «Beti Gaztek salto haundia eman du. Aitzineko denboraldian 3. mailako igoera ikaragarria izan zen eta aurten jubenilen taldea Euskal Ligara igotzeko lehian dago itxura ederra emanez. Nesken lehenbiziko taldea hagitz futbol polita erakusten ari da eta lehenbiziko hiruretan sailkatzeko borrokan daude. Kadeteak igoera fasean daude eta infantilak berriz Txapeldunen Ligan. Nesken bigarren taldea, alebinak eta benjaminak lan handia egiten ari dira eta horren ondorioz jokalari polit aunitz ateratzen ari dira. Jendea esfortzu handia egiten ari da eta emaitzak ikustekoak dira».

Erregionalean debuta «zaila» izanen zela argi zuten, «adin aunitzetako gazteak gara, hainbat egoeratatik heldu garenak, batzuk jokatu gabe egon direnak, bertze batzuk lehenbiziko taldetik jaitsi direnak… baina gehienok kategoria altuetan jokatu izan dugu eta maila aldetik ez dut salto handirik ikusi. Denon artean ahal den hobekien egin dugu, giro hagitz ona izan dugu eta otordu eder batzuk egin ditugu».

Futbolak «momentu polit aunitz» eman dizkio, «kadeteetan kategoriaz igo ginen urtea ez dut inoiz ahantziko, ezta aurten 3. mailan egindako debuta ere». Hala ere, dena ez da ona izan, «jubenila nintzenean Tolosan belauna puskatu nuen. Momentu zaila eta luzea izan zen».

Belaunaldi berriak

Duela sei urte Beti Gazteko entrenatzaile egin zen, «aukera eman zidatenean ez nuen bi aldiz pentsatu». Alebinak eta infantilak entrenatu izan ditu, baita Arantzako Osasuna Fundazioko gaztetxoak, «campus batean monitore izan nintzen eta horren bidez hasteko aukera izan nuen».

Talde osoa kontrolatzea «ez da erraza, baina garrantzitsuena gazteekin lan egitea eta irakasten duzuna gustatzea da. Bi gauza horiek gustatzen bazaizkizu eta pazientzia pixka bat baldin baduzu, lan erdia egina dago».

Futbolean jokatzea eta entrenatzea «parekatuak» daudela dio, «fisikoki ongi bazaude futbolean aritzea gozamen bat da, baina bertzela nazkatuta bukatzen ahal duzu, eta entrenatzaile gisa aunitz gozatzen ari naiz». Bere adineko gazteak talde bat entrenatzera animatu ditu Gilek, «gauza ederra da eta harreman hagitz onak egiten dira jokalari, entrenatzaile eta gurasoen artean».

Etorkizunera begira

Beti Gazteri «etorkizun hagitz ona» ikusten dio, «ttikienetatik zaharrenetaraino egiten duten lanarengatik. Arantzakoak ere gogo aunitzekin ikusten ditut eta Lesakan ateak irekiak izanen dituzte». Berari dagokionez, «ez zait gustatzen etorkizunean pentsatzea, baina dudarik gabe futbolaren inguruan segituko dut».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!