Gaur ireki da autoentzako Lesakako Plaza Zaharretik Arretxea karrikara doan bidea

Ttipi-Ttapa 2022ko api. 29a, 11:30
Dagoeneko hasiak dira ibilgailuak Plaza Zaharretik Arretxea karrikarako bidea erabiltzen, baina oinezkoek eta bizikletek izanen dute lehentasuna.

Erdiguneko lanak bukatutzat eman dituzte eta oinezkoek eta bizikletek izanen dute lehentasuna

Sei hilabetez itxia egon ondotik, gaur ireki da autoentzako Lesakako Plaza Zaharretik Arretxea karrikara doan bidea. Udalak, mezu baten bitartez, oroitarazi nahi izan die herritarrei Plaza Zaharra eta Arretxea karriketan debekatuta dagoela aparkatzea, eta oinezkoek eta bizikletek dutela lehentasuna. «Beraz, elkarbizitza sustatze aldera, elkar errespetatu dezagun», dio oharrean.

Horrez gain, karrika horietan gehienez ere orduko 20 kilometroko abiaduran gida daiteke eta hamar tonatik goitiko ibilgailuek debekatua dute pasatzea. Azkenik, herritarrak autoa alde batera utzi eta «gure herriko karrika politetatik oinez ibiltzera animatu nahi ditu» udalak.

Hasieran aurreikusitakoak baino lan gehiago egin dituzte

Lanak Sasoi eraikuntza enpresak egin ditu, hiru fasetan. Joan den urteko irailaren 13an hasi ziren, Beheko Plaza eta udaletxe aitzineko zatia eginez. Urrian hasi ziren bigarren eta hirugarren fasearekin, alde batetik orain ireki den Plaza Zaharra eta Arretxea karrika arteko zatia eginez eta, bertzetik, zeharbidea den Plaza Zaharretik Albistur alderako bidea eginez, hurrenez hurren. Zati hau errepide nagusia denez, asfaltoa eman behar izan dute. Zati honetarako dirulaguntzarik ez du lortu udalak azkenean, baina hurrengo deialdira aurkezteko asmoa dutela azaldu du Ladis Satrustegi alkateak. Lan hauen hasierako aurrekontua 608.817,54 euroko (gehi BEZa) baldin bazen ere, 532.410,93 eurotan (gehi BEZa) egin ditu. Aurkeztutako hiru enpresen artean eskaintzarik onena Sasoiena izan zen. Lanen erredakzioa Gotzon Olarte arkitektuak egin du, 14.900 eurotan (gehi BEZa) eta Nafarroako Gobernuaren Lurralde Antolaketa zuzendaritza nagusiaren eskutik 10.000 euroko dirulaguntza izan du udalak, hirigintza berritzailea sustatzeagatik. Obren zuzendaritza Igor Lopez de Uraldek eta Beñat Alemanek eginen dute, 14.420 eurotan (gehi BEZa).

Espaloiak zabaldu eta ibilgailuen abiadura murrizteko zola aldatzeaz gain, telekomunikazio, argiteria eta bertze sareetarako kanalizazioa prestatu dituzte. Hasiera batean abendurako bukatzekoak ziren lanak, baina aurreikusitakoak baino lan gehiago egin dituztela azpimarratu du Ladis Satrustegi alkateak, «etxe bakoitzeko erregistro bat eta saneamendu-, ur-zikin eta euritako ur sareetan hobekuntzak, bertzeak bertze. Joan den urte bukaerako uholdeek ere zerikusia izan dute atzerapenean».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun