Sinopsia
2016ko urriaren 15eko goizaldean, Altsasun (Nafarroan), Koxka tabernaren atarian, liskar bat izan zen herriko zenbait bizilagunen, Guardia Zibileko bi agenteren eta horien bikotekideen artean. Horren ondorioz, bi pertsona atxilotu zituzten, eta guardia zibiletako batek, tenientea, orkatila bat hautsi zuen. 24 orduan baino gutxiagoan, telebista-plato bihurtu zen Altsasu herria, eta, egun eta erdian baino gutxiagoan, estatu mailako kontua izan zen gertatutakoa. Salatzaileek uko egin zioten Foruzaingoaren aurrean deklaratzeari; aitzitik, Guardia Zibileko beren kideen aurrean deklaratu zuten.
COVITEk, Euskadiko Terrorismoaren Biktimen Kolektiboak, Auzitegi Nazionalean salatu zuen gertatutakoa, eta horrek egoera irauli zuen. Elkarte horrek terrorismoaren akusazioa sartu zuen bere salaketan, eta bederatzi gazteren aurkako polizia-operazioa jarri zen martxan. Horietako zazpi berehala espetxeratu zituzten. 2018ko apirilaren 16an ahozko bista hasi zen; fiskaltzak 12 eta 62 urte bitarteko kartzela-zigorra eskatu zuen zortzi gazterentzat. Epaiketak ikusmin handia piztu zuen Espainiako estatuan, alde batetik askatasunen murrizketa ekar zezakeelako, eta bertze batetik fiskaltzak «terrorista» hitzaren gehiegizko erabileragatik.