Info gida 2022

«Berak turismo lasaia eta jasangarria du, masifikaziorik gabe»

Ttipi-Ttapa 2022ko api. 26a, 12:00

Berak turismo «lasaia eta jasangarria» duela adierazi du Aitor Elexpuru alkateak, «herrigunean bisitariak ditugu, baina ez dugu masifikaziorik».

Leku eta monumentu «interesgarriak» daude ikusteko; «txoko hagitz politak ditu Berak, alde zaharreko etxeak adibidez, eta historia handiko herria denez hainbat toki memorialistiko ditu; harrobia, Herriko etxeko plaza… markatuak daude eta Nafarroako Gobernuak memoriaren ibilbideen barnean sartuak ditu».

Paisaje eta naturguneei dagokienez, «GR 11 Hondarribian hasten da eta lehenbiziko etapa hemen bukatzen da, eta GR 10 ere hemendik pasatzen da». Larhun da interes turistiko handiena duen lekuetako bat, «bisitari aunitz ditugu, eta ez da erraza kudeatzeko. Mugaz gaindiko proiektu batean lanean ari gara Larhungo kaskoan masifikazioa saihesteko, zerbitzuak hobetuz adibidez».

Aste Santuan herriko turismo bulegoa ireki dute, «eta udan Berakoa eta Ibardingoa». Bisitari kopuruak goiti egiten du sasoi honetan; «jende jarioa etengabea da baina ez itogarria, gustura gaude. Herria ongi komunikatua dago, muga hementxe dago eta toki turistiko inportantea da ingurugiro ederrarekin». Zerbait hobetzekotan, «ostatu hartzeko lekuen falta» nabarmenduko luke Elexpuruk, «landetxe eta hotelak baditugu baina herrigunean bertan eskaintza gehiago izatea ongi egonen litzateke, baita mendizaleentzako aterpetxe bat ere».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun