Lesakako Turismo Bulegoak 152 bisitari izan ditu Aste Santuan

Ttipi-Ttapa 2022ko api. 26a, 13:00

Asier Oses turismo teknikaria, Aste Santua baino lehen ikasle talde bati eskainitako bisita gidatu batean.

Aste Santuko oporraldian, aste eta erdiz egon da irekita Lesakako turismo bulegoa eta bertan dagoen Burdinaren Museoa. Guztira 152 pertsonek bisitatu dute bulegoa eta museoa, iazko Aste Santuko datuak bikoiztuz eta ia pandemia aitzineko datuetara ailegatuz. Gehienbat Euskal Herritik etorritakoak izan dira, batik bat Nafarroa, Gipuzkoa eta Bizkaiatik. Hauetatik kanpo, Bartzelona eta Huesca probintziak ere nabarmendu behar dira. Honez gain, atzerritarrek ere bisitatu dute Lesaka, hala nola, Frantziatik, Alemaniatik eta Estatu Batuetatik etorrita.    

Gehienak herria eta eskualdea ezagutzera etortzen dira eta turismo bulegoan honi buruzko informazioa jasotzen dute. Mendiko txangoetan, Bidasoko Bide Berdean eta bizikletarekin egiteko ibilbideetan ere jarri dute interesa turista aunitzek.

 

Bisita gidatuak

Gainera, Aste Santu honetan ere bi bisita gidatu antolatu dituzte herrian barna eta guztira 22 pertsonek parte hartu dute.
Orain, turismo bulegoa eta Burdinaren Museoa itxita egongo dira, baina udako denboraldian berriro ateak irekiko dituzte eta bisita gidatuak ere eskeiniko dituzte. Informazio guztia eta datak webgunean (www.lesaka.eus), herritik barna paratuko diren karteletan eta
udaleko sare sozialetan argitaratzen joanen dira (@lesakakoudala eta @lesakaturismoa Facebook eta Instagram-en).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun