Bi urteren ondotik ikastolara oinez joateko Ttirriki-Ttarraka egitasmoa berriz ere abiatuko du Lesakako Tantirumairuk

Ttipi-Ttapa 2022ko api. 22a, 19:00
Ttirriki-ttarraka logoa.

Neska-mutikoengan ohitura osasuntsuak sustatu bidenabar, ikastetxeetarako sarrera-orduan sortzen diren auto-pilaketak eta trafiko arazoak saihesteko asmoz, Tantirumairu ikastolako guraso batzordeak Ttirriki-Ttarraka egitasmoa berriz ere abiatuko du heldu den astelehenetik aitzinera, bi urteren ondotik.

Egitasmoaren helburua, goizero ikastolara ahalik eta ikasle gehien oinez hurbiltzea da. Horretarako bi zutabe osatuko dituzte: Ttirriki, 08:40an Eltzetako plazan abiatu eta Bittiria, Erdiko Errota eta Plaza Zaharrean barna ikastolara 08:55ean ailegatuko dena; eta Ttarraka, Itturrunzubiko plazako iturrian 08:45ean gelditu eta Antoiu karrikan eta Eskol-Ttikin barna ikastolara joanen dena. Bietan gurasoren bat izanen da arduradun, baina ikasle bat izanen da taldeko gidaria, txandaka.

Ttirriki-Ttarraka ezagutzera emateko eta ikasleak eta gurasoak parte hartzera animatzeko, logotipoa, kantua eta kamisetak ere prestatu zituzten bere garaian.

 

TTIRRIKI-TTARRAKA KANTUA

Zergatik kotxez bete goizero Lesaka

ez dago hain urruti begiratu mapa

gurekin baditugu sasoiko bi hanka

lagunak ere bertan  joanen dira ta

goazen ikastolara Ttirriki-ttarraka.

 

Bat da aitzineskua bat da arduradun

aldatuko duguna egunikan egun

Ttirriki Bittiritik horiaren lagun

Ttarraka urdina da biltzen da Antoiun

mundu berdeago bat eraiki dezagun.

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun