Lurra mugitu da Beran urtarrilean agertu zen Plaza Zaharreko zuloan

Ttipi-Ttapa 2022ko api. 22a, 11:30

Berako Udalak ohar bidez jakinarazi duenez, atzo, apirilaren 21a, lurra mugitu zen urtarrilean agerturiko zuloan. Zulo hura estali egin zuten eta, ageri denez, orain zuloa estaltzeko erabili zen lur hori mugitu egin da. Estaltze lanak egin dituen enpresako ingeniaria atzo egon zen egoera aztertzen, eta zuloa berriz ez tapatzeko aholkua eman zuen. Gas hornidurako teknikoek ere lasaitasun mezua luzatu dute eta ur hornidurako instalazioak ere ez du kalterik izan. 

Urtarrilean agerturiko zuloaren ondotik, Berako Plaza Zaharreko eskailera azpitik igarotzen den erreka eskaileren gainetik desbideratua dago hodi laranja baten bidez. Udalak bizilagunei bidali dien oharrean dioenez, «azken egunetan izan dugun euria dela eta, ur kopuru bat kanaletik sartu da, eta horren ondorioz gertatu da lur mugimendua eskailera azpian. «Asteburuan ere euria omen dator eta segimendua eginen diote, ura kanalean sartu ez dadin».

Udalak jakinarazi duenez, kanal berria egiteko proiektua eskatua dago, eta lanak aurten hasi eta bukatzeko asmoa dute: «Udaletik ahal dugun guztia egiten ari gara prozesu hau azkartzeko», nabarmendu dute. Edozein zalantza izanez gero udalera gerturatzeko deia luzatu diete herritarrei. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun