Julia Artieda Vila

«Nire zaletasunak jendeari erakusteko proiektua da Kiribil»

Ttipi-Ttapa 2022ko api. 24a, 08:00

Barne diseinuko ikaslea da Julia Artieda beratarra, eta Kiribil proiektuaren bitartez bere sormena garatzeko eta jendeari erakusteko aukera paregabea du.

Nola definituko zenuke zeure burua?

Neska alaia, sortzailea eta lagunkoia naiz.

Zein dira zure zaletasunak?

Eskulanak, musika, dantza eta lagunekin bidaiatzea.

Zer ikasten ari zara?

Barne diseinua, Gasteizen.

Noiz erabaki zenuen barne diseinua ikasi nahi zenuela?

Etxean egongelako sofa ia hilabetero lekuz aldatzen genuen, probak egitea gustuko nuen baina egia erran ez nuen azken momentura arte argi izan hori ikasi nahi nuela. Familian beti erraten zidaten sormen hori nire etorkizuna izanen zela.

Zer da Kiribil proiektua?

Ttikitatik gustatu izan zait eskulanak egitea, margotzea... nire zaletasun hori jendeari erakusteko modua da proiektu hau. Hasieran telazko poltsak bakarrik margotzen nituen, orain, laminak edota bertzelako apaingarri eta opariak egiten ditut.

Produktuak pertsonalizatzen dituzu, ezta?

Bai, argazki batetik ateratako marrazkiak egiten ditut poltsa eta laminetan. Animalia, pertsona zein paisaien marrazkiak egin izan ditut eta hagitz gustura nago. Modu honetan, bezeroa nolabait proiektuaren barnean sartzen da, aitzinera segitzeko gogoa piztuz.

Noiz hasi zinen proiektuarekin?

Konfinamenduaren ondotik poltsak margotzen hasi nintzen ahizparekin eta saltzen saiatu ginen.  Harrera ona izan zuenez, proiektua sortzea erabaki nuen. Denbora faltagatik ahizpak ezin dit lagundu baina aunitz eskertzen dut berak eta bertze batzuek eskainitako laguntza.

Non ikasi duzu hau egiten?

Amari aunitz gustatzen zaizkio eskulanak eta ttikitatik aritu gara biok gauzak sortzen, bera bezalako irakaslerik ez dut inon aurkituko.

Nondik saltzen dituzu produktuak?

Ikusgarri daude instagramen (@kiribil_) eta bertatik, whatsappetik, korreoz edo telefonoz hartzen ditut eskaerak . Bidalketak ere egiten dizkiet eskualdeko eta kanpoko jendeari.

Zure asmoak epe motzera?

Arropa sorta batean pentsatzen nabil, baita Bilbon egiten den merkatu batean ere, baina denak bere denbora behar du…

Eta epe luzera?

Interiorismoa abiapuntua izanik, nik diseinatutako dekorazio elementuak sortu eta saltzeko estudioa irekitzea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun