Joan den asteburuan, apirilaren 15, 16 eta 17an, Santiago de Compostelako Monte Do Gozo disko golf zelaian, II. Xacobeo Irekia jokatu zen. Martxoan Igantziko IrriSarri Land-en jokatutako Nafarroako Irekiaren ondotik, Espainiako II. Koparako baliagarria zen bigarren txapelketa izan zen. Baxi Basajauna Disko Golf Elkartearen ordezkari gisa, Iñaki González Olaizola Galiziako lurretara hurbildu zen, eta azkenean MP50 (Master 50) kategorian lehen postuan sailkatu zen, jokoan zeuden 25 puntuak lortuz, Nafarroako Openean garaile izan zen Javier del Riegoren aitzinetik.
Espainiako II. Kopan, txapelketak osatzen dituen sei probetatik lauetako puntuaziorik onena kontuan hartuz puntu gehiena lortzen duena izanen da irabazlea eta gaur gaurkoz, master-50 kategorian lehen postuan berdinduak daude Iñaki Gonzalez eta Javier del Riego. Maiatzean hirugarren txapelketa Chipionan (Cádiz - Andaluzia) jokatuko da, laugarrena uztailean Oviedon, bosgarrena irailean Madrilen izanen da eta seigarrena eta azkena, 2021ean bezala, Kataluniako Palau i Solità zelaian jokatuko da.