Album ilustratuen erakusketa eta ekintza osagarriak izanen dituzte Lesakan

Ttipi-Ttapa 2022ko api. 22a, 13:00
Galtzagorri elkarteko Intza Alkainek haurrak euskaraz irakurtzera erakartzeari buruzko azalpenak emanen ditu astelehenean.

Etxepare sariketako lanak ikusgai izanen dira apirilaren 25etik maiatzaren 6ra liburutegian

Azken urteotan Nafarroako hainbat toki entitatetako euskara zerbitzuek, tartean Bortzirietako Euskara Mankomunitateak, Etxepare sariketa antolatu izan dute, haurrentzako album ilustratuen sormena bultzatzeko helburuarekin. Duela bi urte saritutako albumekin erakusketa bat antolatu zuten euskara zerbitzuek, eta Lesakan egonen da ikusgai, apirilaren 25etik maiatzaren 6ra. Erakusketaz gainera bi jarduera osagarri antolatu dira, haur zein gurasoei zuzenduak.

Erakusketa liburutegian egonen da ikusgai, apirilaren 25etik maiatzaren 6ra, astelehenetik ortziralera, 14:00etatik 20:0etara. Etxepare sariketan saritutako album guziak liburutegian daude, maileguan hartzeko moduan.

Solasaldia hasteko

Erakusketaren irekiera ekitaldi modura, apirilaren 25ean hitzaldi bat izanen da, Nola erakarri haurrak euskaraz irakurtzera? izenburupean. Galtzagorri elkarteko Intza Alkain izanen da hizlaria, astelehenean 17:00etan. Guraso, irakasle zein gai honetan interesa izaten ahal duen edozeini irekia da.

Dorotea tailerra bukatzeko

Erakusketari akabaila emateko, maiatzaren 6an Dorotea ipuin kontaketa eta collage tailerra izanen da 17:30etik 19:00etara, Amaia Egidazuren eskutik. Hain zuzen ere, Egidazuk irabazi zuen Etxepare Sariketa 2021 urtean, Dorotea album ilustratuarekin. Tailer hau 6-10 urte bitarteko haurrei zuzendua da, eta gehienez ere 20 haurrek parte hartu ahalko dute.

Erakusketa Bortzirietako Euskara Mankomunitateak antolatu du, Lesakako Udalaren eta Lesakako Liburutegi Publikoaren laguntzarekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun