Gondendiagako benta auzolanean moldatu nahi dute Beran

Ttipi-Ttapa 2022ko api. 21a, 08:00

Lehen hitzordua larunbat honetan izanen dute

Berako herritar talde batek hala eskatuta, Berako Udalak Gondendiagako benta moldatzeko deialdia egin du, ohar baten bidez. Benta hau, Benta Beltza eta Heidiren etxetxoa ere deitua, 32. mugarrian dago, Lizuniagatik hurbil eta jabetza publikokoa da.

Azken hamarkadetan ez zaio erabilerarik eman, eta urteen poderioz eraikina kaltetzen joan da eta orain egoera tamalgarrian dago. Helburua auzolanean benta berritzea litzateke, boluntarioek esku lana jarrita eta udalak behar diren materialak ordainduz.

Gondendiaga natur ingurune zoragarria da, Bera eta Sara udalerrien arteko mugan kokatua. Berako jendarteak oroitzapen hagitz onak ditu, benta horrek garai batean izan zuen jarduerari buruz. Helburua eraikina berritu, eta erabilera publiko bat ematea litzateke. Mendizaleentzat aterpe hartzeko tokia izan daiteke, atseden hartzeko tokia, jendearentzat naturaz gozatzeko elkargune bat eta abar.

Auzolan honen bidez, herritarren parte hartzea bultzatu nahi du Berako udalak. «Lagundu nahi duen edozeinek partu hartu dezake, baldintza bakarra elkar lanean eta talde lanean aritzeko borondatea izatea da. Espazio eta eraikin hau berreskuratuz, gure herriko ondarea zaintzen ari gara, denon ondarea alegia», dio oharrean.

Ekimen honetan parte hartu nahi duenak udaletxera deitu, 948 63 00 05 telefonora, eta izena eman behar du, edo bertzela agertu larunbat honetan, apirilak 23, 08:00etan Lixoia ostatuan, han paratu baitute lehen hitzordua, Gondendiagako bentara abiatzeko. Auzolanen egunen egutegi bat osatzen joanen dira aitzinerago. «Animatu eta mila esker auzolan hau antolatzeko ekimena izan duzuen guztioi».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun