Berako Zia errekan uholde arriskuagatik larrialdietako 1. maila aktibatu dute

Ttipi-Ttapa 2022ko api. 20a, 21:30
Berako Zia errekaren artxiboko irudia.

Berako Zia eta Itzeko erreketan urak izan duen gorakada ikusita, uholdeei aurre egiteko larrialdietako lehen maila aktibatu dute. «Uholde arriskua Izpoz karrikan. Kasu eman erreken ertzetan, autoarekin zirkulatzean eta zubien inguruetan. Kasu egin argibideei hurrengo orduetan».

Zia errekak eta Berako herriguneari eragiten dioten gainerako errekek gainezka eginez gero, bi larrialdi maila aurreikusi dituzte:

  1. larrialdia: 1. larrialdi maila aktibatuko da Zia errekan uraren mailak goiti egiten badu. Euri-jasa handiak erregistratu dira errekaren arroan. Berako errekek gainezka egiteko arriskua dute, batez ere Zia eta Itzeko errekek. Uholde arriskua Izpoz karrikan. Kasu eman erreken ertzetan, autoarekin zirkulatzean eta zubien inguruetan. Kasu egin argibideei hurrengo orduetan.
  2. larrialdia: 2. larrialdi maila aktibatuko da Zia errekan uraren mailak goiti egiten badu. Euri-jasa izugarri handiak erregistratu dira errekaren arroan. Berako herrigunearen eremu zabaletan kaltegarriak izan daitezkeen uholdeak aurreikusten dira. Karrikak eta errepideak kaltetzeko arriskua, kontuz ibili.

Berako Udalak aurreikusitako ekintzen mapa Zia errekaren eta haren adarren uholdeengatik. Mapa honetan 100 urtetik behin espero diren uholdeek hartuko luketen hedadura erakusten da.

Zenbait aholku

Etxearen barrenean

  • Eten uraren, gasaren eta elektrizitatearen hornidura; erabili linternak argiztapenerako.
  • Ura azkar hazten bada, utzi lehenbailehen eraikineko sotoak eta beheko solairuak eta igo teilatura edo etxeko punturik altuenera. Lehenik hartu janaria, berokia, linterna, irratia eta txilibitua.
  • Prest egon zure etxea prebentzioz ebakuatzeko, agintariek hala eskatuz gero. Eraman larrialdietarako kita,
    dokumentazio pertsonala eta juridikoa eta telefono mugikorra.

Kanpoko aldean

  • Ura agudo hazten bada, joan zaitez inguruko punturik altuenetara. Ez hurbildu elektrizitate-zutoin eta argindar-kableetara. Urrundu erreketatik eta uraren korronteetatik.
  • Ez ibili urak hartutako karriketan barrena, baina hala egin behar baduzu, ibili ura mugitzen ez den tokitik. Erabili makila bat zure bideko uraren sakontasuna egiaztatzeko. Kasu eman ibiltzean; izan ere, baliteke uraren  presioak estoldetako tapakiak mugitzea eta zuloa libre uztea.

Autoan

  • Ahal dela, zirkulatu errepide nagusietatik, gomendatutako ibilbideetan barna.
  • Ura autoa duzun tokiraino ailegatu bada, utzi eta toki seguru batera joan, leku altu batera. Ez gidatu urak hartutako eremuetan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun