Bortzirietako euskalgintzaren saioa eginen dute larunbatean Beran

Ttipi-Ttapa 2022ko api. 20a, 09:00
Berako saioa irekia izanen da herritar guztientzat.

Berako Kultur Etxeko erakusketa gelan eginen dute saioa apirilaren 23an, 10:00etan hasi eta 12:00ak arte.

Bortzirietako Euskara Mankomunitateak antolatuta, Bortzirietako euskalgintzaren gogoeta eta analisia egin zuten iazko udazkenean Bortzirietako hainbat euskaltzalek Lesakan. Euskalgintzaren egoera sakon aztertzeaz harago, bertze hainbat eskualdetako proiektuak ezagutu zituzten, Tolosaldekoa, eta Hernanikoa kasu.

Saio horien ondotik sortu zen Bortzirietako euskalgintza berraktibatzeko, eta eskualde mailako euskara talde bat antolatzeko lan talde bat. Jardunaldiaz geroztik lanean ibili da talde hori, etorkizuneko Bortzirietako euskara taldearen oinarriak zehazteko asmotan. Udazkenetik orain arte egindako lana aurkeztea da asmoa Beran publiko aitzinean eginen duten saioan. Berako Kultur Etxeko erakusketa gelan izanen da, apirilaren 23an, 10:00etan hasi, eta 12:00ak bitartean. Euskaltzale orori egin diote gonbidapena bertan parte hartzeko.

Bi zatitan banatuko dute saioa. Saioaren lehenengo zatian iazko udazkenean hasi, eta gaur egun arte egindako urratsak aletuko dituzte talde eragile horretako kideek. Ondotik, taldetan elkartuta, egindako lan horren analisia eginen dute, eta taldeetan sortutako proposamenak aurkeztu eta denen artean eztabaidatuko dituzte.

Adostasuna helburu

Behin taldetako jarduna bukatuta, ekarpenak jaso, elkartearen oinarriak zehaztu eta denen artean adostea izanen da helburua. Lan saioarekin bukatzeko, elkartearen hurrengo urratsen eta etorkizuneko asmoan inguruan solastatzea da asmoa, eta hamaiketako batekin bukatzea. 

Berako saioa irekia izanen da Bortzirietan bizi diren eta euskalgintzaren parte diren, edo izan nahi duten herritar guztientzat.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun