Baztan-Bidasoko pentsionistek elkarretaratzea egin dute Lesakan Pazko Astelehenean

Ttipi-Ttapa 2022ko api. 19a, 10:00

Baztan-Bidasoko pentsionistak astelehen eguerdian Lesakan egindako elkarretaratzean.

Bankuek zerbitzu duina emate aldera hainbat udaletan aurkeztutako mozioa onartu dute dagoeneko Etxalarren eta Lesakan

Hilabeteroko martxari eutsiz, Baztan-Bidasoko pentsionistek elkarretaratzea egin dute, oraingoan  apirilaren 18an, Pazko Astelehen eguerdian Lesakako plazan. Joan den hilabetean, Donezteben, egoera iluna irudikatu zuten: «bizitzaren garestitzeak, batez ere energia gastuak, zaintza mota desberdinen gabeziak, Ukrainako gerla, Aroztegiko aferekin errepresio judiziala, zerbitzuen pribatizazio joera, eskualdeko kirurgia plantaren itxiera iragarpena, eta abar».

Ordutik honat, zenbait argi izpi agertu direla diote pentsionistek: «kirurgia planta ez dutela itxiko, Elizondoko Zahar Etxeko hitzarmenaren aurre-akordioa, eta bertze alde, Korrikan parte hartzeak, gazte mugimenduaren martxa, aberri eguna … Ohartzen bagara, gazte mugimenduan, aberri egunean eta pentsiodunon aldarrikapen taulako puntu batzuetan bada amankomun den helburu bat: Burujabetza. Ez da harritzekoa gertatzen diren egoerak gero eta ageriago uzten dutela Euskal Herriak bere baliabideak eta etorkizuna gobernatzeko eta administratzeko gaitasuna izan behar duela. Eta hau da mugimendu honetatik egin dezakegun ekarpenik garrantzitsuenetariko bat».

Bertzalde, bankuek zerbitzu duina emate aldera mozioak sartu dituzte eskualdeko udaletan eta Etxalarren eta Lesakan onartu dituzte dagoeneko.

Pentsionisten bizikleta martxa ekain erdialdean ailegatuko da eskualdera

Etxeko lanak edo erronkak baditu pentsionisten mugimenduak: «Ekain erdi aldera ailegatuko da eskualde honetara pentsionisten bizikleta martxa. Guri tokatuko zaigu behar den azpiegitura antolatzea eta laguntza eskaintzea. Maiatzaren 16rako izanen ditugu xehetasun gehiago, eta  orduan aipatuko dugu zein behar izanen diren zehazki».

Bertzalde, abian da sinadura bilketa, eskatuz pentsioak benetako KPIren arabera egokitu dezaten, «eta ez egin duten tranparen bidez». Sinadura hauek Madrilgo kongresuan aurkeztuko dituzte.

Berriz ere ‘BostEhun eta zutik’ lemapean eskualdean egin den gazteen martxa gogoan izan zuten pentsionistek, «martxa koloretsua eta ikusgarria. Haien bidea eta gure bidea, bi bide baina helmuga berdina; Euskal Herri euskalduna, sozialista, ez patriarkala, naturazalea eta burujabea, non jende guztiak bizi eta zaintza duina izateko moduan bizi ahal izanen den».

Hainbat herritan ekitaldiz beteriko martxa izan da, eta elkarretaratzea akitzeko, Amaiurren bota zuten bertso zati batekin eman zioten akabera:

                  Ur zikinetan bi bide daude; antolatu ala ito

                  Ez gara gazte betiko, ez gara bitan biziko

                  Menpekorik ez den mundu bat ez da zerutik eroriko.  

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun