Info gida 2022

«Web orria izatea beharrezkoa da, hori delako gure erakusleihoa»

Ttipi-Ttapa 2022ko api. 18a, 11:00

1991n ireki zuen Leonisen amaginarrebak Beran Iratxeko Berea landetxeko lehenbiziko solairua, eta 1993an bigarrena. Bi etxetan dago banatuta baserria, «bakoitza bortz gela bikoitz eta gela gehigarri batekin. Denetara 24 lagunentzako tokia dugu hemen».

«Haurrak dituzten lagun talde eta familiak» dira ohiko bezeroak, «talde bakarrak bi etxeak hartzen ditu eta horrela baserria, jardina, kolunpioak, barbakoa eta inguru guztia eurentzako bakarrik dute». Urtarrila eta otsailean obretan egon dira eta martxoan ireki dute etxea, «eta udaberri eta udarako ia dena beteta dugu. Jendeak ateratzeko, elkartzeko eta sozializatzeko gogoa du. Leku guzietako jendea etortzen da, baina orain bereziki ikusten da bertako jendea; Irun, Hondarribia, Hendaia, Iruñea…».

Interneten egotea «beharrezkoa» dela dio Leonisek, «hori da gure erakusleihoa, dendek lokaletan dituzte eta guk gure web orrian. Argazki eta bideoekin saltzen dugu, eta maiz xamar aldatu eta berritu behar dira». Horregatik, iratxekoberea.com web orrian etxearen inguruko informazioa, irudiak, erreserbak eta bisita birtuala daude eskuragarri.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun