Ane BERGARA

«Ez naiz sekula damutu goi mailako futbola utzi izanaz»

Ttipi-Ttapa 2022ko api. 18a, 09:00

Ane BERGARA ARTIEDA, Berako futbolari ohia

Hamabortz urtez Lehen Mailan momentuko talderik onenetan jokatu ondotik, gaur egun futbola alde batera utzia du Ane Bergara Artiedak (Bera, 1987). Berako Labiaga Ikastolako irakaslea da, eta horrekin batera, «futbolaren bertze alderdi batzuk» ezagutzen ari da.

Lagunak, Espanyol, Reala, Bartzelona, Athletic... Ibilbide oparoa egin zuen futbolean Bergarak, punta-puntako taldeetan utzi zuen bere arrastoa. 15 urtez Lehen Mailan ibilita «nire hobbya nire lana» bihurtzeko ametsa egia bihurtu zuen. Egindako ibilbidearen «hagitz balorazio positiboa» egin du: «Garai hartan punta-puntakoak ziren taldeetan ibili nintzen eta ez naiz egindakoa harrokeriaz agertzea gustatzen zaion horietakoa, baina nire ibilbidearekin hagitz kontent nago».

Beti erran izan du futbolak «aunitz» eman diola, urte horietan «ikaragarri disfrutatu» zuela baina garbi utzi nahi izan du «gustatzen zaidalako jokatzen nuela futbolean. Nomina bat izatea lortu nuen, baina ni betetzen ninduena futbolean jokatzea zen. Ez naiz diruagatik ibili batera eta bertzera, nik nahi nuena egiteko baizik».

«Erabaki bat hartzen dudanean hori onartzen dut, ez naiz gibelera begira gelditzen»

Egindakoarekin harro eta kontent, 2017-2018 denboraldian erretiroa hartzea erabaki zuen: «Banuen Athleticekin bertze urte baterako kontratua, eta niretzat errazena entrenatzen segitzea zen». Baina «ez nuen hori nahi. Nekatuta nengoen hainbat kontu aditzeaz. Banuen adina, banekien lehenago edo beranduago momentua ailegatuko zela» eta hala egin zuen. Aitortu duenez, «ez naiz sekula damutu hartutako erabakiarekin». Eta gehiago ere bai: «erabaki bat hartzen dudanean hori onartzen dut, ez naiz gibelera begira gelditzen edo hau edo bertze egin izan banu zer gertatuko litzatekeen pentsatzen egoten. Erabaki batek bere alderdi onak eta txarrak ditu eta beti saiatzen naiz alderdi onekin aitzinera segitzen».

Ikastolan irakasle

Goi mailako futbola utzita agudo jarri zen bizimodu berrira: «Nire lehengusina Mariñon jokatzen ari zen eta berarekin jokatu nahi izan nuen, baina bigarren partidan Akilesen tendoia izorratu nuen». Berak «arnas pixka bat hartzeko asmoa» zuenean etorri zitzaion lan eskaintza: «futbola utzi eta sei hilabetera ikastolan ordezkapen bat egiteko aukera izan nuen eta saiatzea erabaki nuen». Baita lortu ere. Gaur egun, Labiaga Ikastolan Lehen Hezkuntzan hirugarren mailako tutorea da eta Gorputz Heziketako irakaslea, LHko laugarren mailara bitarteko ikasgeletan. Ikasleek Ane Bergara nor den ote dakiten galdetuta, ezezkoan dago beratarra: «senide zaharragoa duen baten batek jakinen du baina uste dut ez direla kontziente egin dudan ibilbidearekin». Kontuak kontu, lanean «gustura» dagoela dio eta hori da garrantzitsuena: «niri eboluzioa ikustea gustatzen zait. Bertze lan aukera fisioterapiaren edo errekuperazioaren bidea hartzea nuen, baina ikastolan ere kontent nago. Ikasleen garapena ikusten da eta hori hagitz aberasgarria da».

Izan ere, hasieratik ohartu zen futbola ikasketekin uztartzearen garrantziaz: «Hasieratik lanak eta ikasketak biak batera egin ditut eta horiei esker nago orain nagoen bezala». Futbolean ari zen bitartean, «Irakasle Ikasketak eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientziak ikasi nituen, eta fisioterapia ikasten ere hasi nintzen. Horrez gain, ikastaro aunitz egin ditut». Bere hitzetan, «lehenagotik ikasi ez banu, ez nintzatekeen hemen lanean egonen. Ez nuen presarik lanean hasteko, baina horrela suertatu zitzaidan eta eskertua nago».

«Betitik egin dut kirola eta orain ere egiten dut»

Gainerakoan, baloia erabat baztertua du, «Akilesen tendoia hautsi nuenetik entrenamendu batera joan naiz, baina ez dut jokatzen». Ez duelako «beharrik sentitu»; «baina nahi izanen banu, oraintxe bertan joanen nintzateke entrenatzera». Futbola bertzelako kirolekin ordezkatu du geroztik: «Igeriketa, lasterka, mendia... Betitik egin dut kirola eta orain ere egiten dut».

Futbolean aritzen ez bada ere, kirol horren «bertze alderdi batzuk» ezagutzeko aukera izaten ari da: «Gipuzkoako Futbol Federazioko lehendakariordea naiz, eta irratian Realaren Europa Ligako partiden jarraipena egin dut. Beti izan dut futbolaren bertze alderdi batzuk ezagutzeko jakin-mina eta orain futbolaz bertze modu batera disfrutatzen ari naiz».

«Emakumezkoen futbolean dena ez da prentsan erraten den bezalakoa»

Emakumezkoen futbolari ere erreparatu dio Bergarak, eta «hagitz aldatua» ikusten du, «batez ere azken urteotan, ikaragarrizko aurrerapausoa egin duelako». Baina «oraindik aunitz» falta dela nabarmendu du: «Dena ez da prentsan erraten den bezalakoa. Gauza bat da kanpotik ikusten dena edo idatzia dagoena, eta hagitz bertzelakoa da barrenetik egiatan dagoena. Errealitatean dagoena ez da paperean ikusten dena».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun