Patxi VILA

«Orain dakidanarekin akats aunitz ez nituen egin izanen, baina hori orain ikasi dut»

Ttipi-Ttapa 2022ko api. 17a, 09:00

Patxi VILA ERRANDONEA, Berako txirrindulari profesional ohia

Aurten beteko dira hamar urte Patxi Vila Errandoneak (Bera, 1975) txirrindularitza profesionala utzi zuenetik; 2001ean Ibanesto.com taldean ibilbidea hasi zuen 26 urteko gazte hark pedalak emateari utzi eta bertzelako ibilbide bati ekin zionetik. Gaur egun, Movistar Team taldeko errendimendu arduraduna da.

Ibanesto.com taldean egin zuen debuta Patxi Vilak (2001-2002) profesionaletan, eta Lampren (2003-2007) eman zituen pedalkadarik indartsuenak. 2011 eta 2012 denboraldietan De Rosa taldean ibili zen eta orduan erabaki zuen profesionalen mundua alde batera uztea, «ibilbidea bukatzeko ordua» zela sentituta.

Orduko «oroitzapen onak» ditu beratarrak: «Gizakiaren ezaugarrietako bat denborarekin oroitzapen txarrak atzentzea eta onekin gelditzea omen da, eta nik ere oroitzapen hagitz onak ditut». Gehiago ere bai: «Hagitz harro nago hura bizitu eta orduan egin nuenarekin, eta batez ere ezagutu nuen jendearekin».

37 urte betetzeko bortz egunen faltan egin zuen profesionaletako azken lasterketa, 2012ko urriaren 6an, Begheliko Sari Nagusian, Italian: «Azken bospasei kilometroak bakarrik egin nituen eta gozatu nuen. Momentu hartan oroitzapen, jende eta pentsamendu aunitz pasatu zitzaizkidan burutik, huraxe izan zelako nire kirol bizitzako azken etapa».

«Kirol bizitzan 'honaino ailegatu naiz' erraten jakin behar da»

Baina argi du «bukatu beharreko ibilbidea» zela: «Banuen taldean segitzeko aukera, baina gauzak luzatzeagatik luzatzeak ez du zentzurik. Kirol bizitzan ‘honaino ailegatu naiz’ erraten jakin behar da. Kirol bizitzak ere jaiotza, nerabezaroa, helduaroa eta azkenean heriotza ditu eta hori horrela onartu behar da».

Pasioa ogibide

Erabakiak AEBetan lanerako egin zioten eskaintzarekin bat egin zuen, eta «zortea» izan zuela dio, bere pasiotik bizitzen segitzeko atea ireki ziolako. «Lasterketetan parte hartzen nuenean, nire pasioa nire ogibide zen, egunero gustatzen zitzaidanaz bizitzeko aukera nuen, eta nire kirol ibilbidea bukatzean pasio hori mantentzeko eginen nuenarekin obsesioa nuen, egunero ohatzetik gogo horrekin jaikitzen segitzeko nahia». Baita lortu ere, txirrindularitzak segitzen baitu Vilaren ogibide izaten, eta gainera, «ez da lana, pasioa da. Horrek gauzak aunitz aldatzen ditu».

Kontatu digunez, «argi nuen txirrindularitzan segitu nahi nuela, batez ere ondorengoei nik ikasitakoa erakutsi nahi nien, barrenak aholkularitza lanetan ibiltzeko eskatzen zidan», eta helburu hori begiz jota prestatu zen: «Kirol ziklikoetan errendimendu handiari buruzko masterra eta bertze formazio batzuk egin nituen. Unibertsitateko heziketa fisikoko irakasle-ikasketak eginak nituen, eta gero kiroletako goi mailako zikloa. Orduan ikasitakoak ere berreskuratu nituen».

Eta hala, «kontent» dago bere egunerokoarekin. Specialized (2013-2014), Tinkoff (2015- 2016) eta Bora-Hansgrohe (2017-2019) taldeetan tekniko lanetan ibili ondotik, gaur egun Movistar Teameko kirol errendimendu arduraduna da eta «hagitz gustukoa dut lana». Are gehiago, «hiru urtez segidan munduko txapelduna entrenatzeak eman didan esperientzia» nabarmendu du, «erronkak handiak dira eta beti ikasten saiatzen naiz».

«Oraingo Patxik garai hartako Patxi aunitzez hobeki ezagutzen du»

Satisfazio horren seinale, urteetan gibelera egiteko aukera izanen balu, «ez dut uste deus aldatuko nukeenik». Bere hitzetan, «momentuko informazioarekin hartzen ditugu erabakiak, momentuan hoberena hori dela uste dugulako». Onartu du «orain dakidanarekin akats aunitz ez nituela egin izanen, baina hori orain ikasi dut. Oraingo Patxik garai hartako Patxi aunitzez hobeki ezagutzen du eta akatsak non hobetu zitzakeen aunitz ere hobeki ikusten du». Baina bere hitzetan, «orain 2001eko Patxi hura aldatzea ez da bidezkoa».

Gainerakoan, urte hauetan «aunitz ikasi» duela dio, baina «nire balioak berdinak» direla azaldu du: «apaltasuna, lana eta konstantzia. Hiru oinarri horietan oinarritzen dut bizitza, eta ez lanean bakarrik. Hasiera hartan, afizionatuen mailan, ez nintzen hoberenetarikoa, baina apaltasunez, lan aunitz eginez, eta gogotsu ariz profesional izatea lortu nuen. Formula horrekin segitzen dut aitzinera».

Alde onak eta txarrak

Lehengo eta oraingo bizimoduak dituen alde onez eta txarrez ere mintzatu da beratarra TTIPI-TTAPArekin. «Alde onak aunitz» direla dio, «egunean zortzi ordu baino gehiago sartzen ditut, baina gustatzen zaidana egiten dut».

«Txirrindularitza kirol krudela da»

Txanponaren bertze aldean, berriz, «txirrindularitza kirol krudela» dela aipatu du: «Aunitzetan egun on bat izateko 15 egun txar izan behar dituzu. Baina emaitzen krudeltasunak pertsona aunitz gogortzen du». Eta bera ere «aunitz indartu» omen da: «konstantzia eta lana ezinbertzekoak dira, zure helburuei tinko begiratzea eta eustea, nahiz eta bidea aunitzetan ez den zuk nahi bezalakoa. Momentu txarretan barreneko indarra atera behar da». Eta aldi berean, «introspekzioaren garrantzia» aipatu du: «behatza kanpora zuzendu beharrean, norberari begiratu behar zaio, norbera delako ongi egiten ez duena edo hobetzen ahal duena, eta hori txirrindularitzaren bidez ikasi dut».

Hala ere, mundu honen «alderik gogorrena, behar duen dedikazioa» dela onartu du Vilak: «Familiako momentu goxo aunitz alde batera utzi behar izan ditut, baita lagunak ere. Ez dut eurei nahiko nukeen adina denbora eskaintzeko aukerarik izan».

Txirrindularia izatea zer den ez atzentzeko

Lehiaren faltarik ez omen du sentitzen, baina kirola ez du alde batera utzi, «hagitz presente dago nire bizitzan»: «Lanean saiatzen naiz txirrindularia izatea zer den ez atzentzen, eta horretarako bizikleta gainean ahalik eta denbora gehien pasatzen dut, nahiz eta garai batean pasatzen nuenarekin konparatuz, hagitz gutti den». Azaldu digunez, «Astean hamar bat orduz ibiltzen naiz, aunitz jota hamabi ordu, hanketako min pixka bat izateko eta txirrindulariekin enpatia sentitzeko».

Hortik aparte, «orokorrean nahiko momentu goxoan» ikusten du txirrindularitza. Kontent jartzekoa iruditzen zaio «gizartean kirol arrakastatsua dela ikustea, ikusteko eta praktikatzeko jendeak gustuko duela jakitea». Teknologiak eta modernizazioak sei-zortzi urteotan izandako aldaketa ere ekarri du gogora, horrekin «emaitzak ere aldatu» direlako. Euskal Herrian eta estatu mailan ere bide onetik ikusten du gurpil gaineko bere kirol kuttuna, «afizionatuen mailan taldeak jaiotzen ari direlako». Onartu duenez, «momentu hobeak izan ditu txirrindularitzak baina ez gaude gaizki, eta hobetzen ari gara».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun