Nafarroako Dantza Garaikidea (DNA 2022) igandean, apirilak 3, abiatuko da eta bere proposamena zortzi talderen hamasei emanaldirekin zabalduko da Nafarroa osoko hainbat herritan. Eskualdean, Lesakan estreinatuko da Martxel Rodriguez lesakarra kide duen Led Silhouette taldearen Los perros ikuskizuna.
Eskualdeari dagokionez, DNA Nafarroako Dantza Garaikidea programa Lesakara ailegatuko da, herrian bertan joan den urteko egonaldian prestatutako ikuskizun batekin gainera. Martxel Rodriguez lesakarraren eta Jon Lopezen eskutik, Marcos Morauren koreografiarekin eta bere zuzendaritzapean, Led Silhouette taldeak Los perros estreinatuko du apirilaren 17an, igandean 20:00etan Harriondoan, bertze hainbat herrietan eman aitzinetik. Sarrerak 6 eurotan salgai daude Lesakako udalaren webgunean.
Emanaldien agenda
Lesakako emanaldiaren ondotik, apirilaren 30ean Altsasuko Iortia kulturgunean, maiatzaren 7an Lizarrako Los Llanos kulturgunean eta maiatzaren 8an Tafallako kulturgunean eginen dituzte programa honen barreneko emanaldiak. Programa honetatik kanpo, Iruñeko Gaiarre antzokian ere ikusgai izanen da apirilaren 29an.