TRINI MIKELARENA

«Ipuinetan gure balioak transmititzen saiatu naiz»

Ttipi-Ttapa 2022ko api. 16a, 10:00

Zortzi eta bederatzi urteko haurrentzako bi liburu idatzi ditu Trini Mikelarenak. Haurrentzako idazten segitzen du, eta helduentzako kontakizunak liburu batean biltzeko asmotan da orain.

Hegaka ez zekien txantxangorria eta Sagarroi gazte baten egunkaria liburuak kaleratu berri ditu Trini Mikelarena Berako idazle eta ilustratzaileak. Hegan ez dakien Ttipitxo txantxangorriaren istorioa kontatu du lehenbiziko liburuan, eta laguntasuna zer den deskubritzen duen sagarroiarena bigarrenean. Liburuak euskaraz, gaztelaniaz zein ingelesez kaleratu ditu, eta Mikel Taberna alkaiagarra arduratu da euskarazko itzulpena egiteaz.

Zein helbururekin idatzi dituzu?

Niretzat garrantzitsua da liburuak hezigarriak izatea. Balioak transmititu nahi ditut: laguntasuna, leialtasuna, hitza ematea... Bertze alde batetik, niretzat hagitz inportantea da umeei erraztea hizkuntzak ikasteko prozesua. Zailtasunak dituzte, hiru hizkuntzekin ibiltzen dira, eta denetariko familiak daude. Batzuek ama hizkuntza badute, baina, bertze batzuk ez. Eta horiei laguntzea da helburua. Eus- kara, ingelesa eta gazteleraz aritzen dira, eta liburuen bidez laguntzen diezu. 12. orria, euskarazko, gaztelaniazko eta ingelesezko liburuan ireki eta gauza bera agertzen da, eta beraz, jakin dezakezu zer erraten duen hizkuntza bakoitzean.

8 eta 9 urteko haurrentzako liburuak dira kaleratu dituzunak. Zergatik aukeratu duzu adin tarte hori?

Nik idazteko dudan moduagatik. Garatutako hizkuntza erabiltzea gustatzen zait, ez ume ttikiekin egin beharrekoa.

Nolakoa da haurrentzako literatura idaztea?

Nik hagitz ongi pasatzen dut, gustatzen zait. La Matara oporretan joaten garelarik iduri du zerbait pizten zaidala barrenean, eta han gehiago idaz- ten dut hemen baino. Orain harat joatea pentsatzen ari naiz eta dagoeneko etorri zaizkit ideiak.

Zuk idatzi eta ilustratu dituzu liburuak. Zergatik?

Lehenbiziko liburua egitean gu Hendaian bizi ginen, eta han txori eta animalia aunitz etortzen ziren. Zu margolaria bazara horiek nahi eta nahi ez pintatzen dituzu. Euren marrazki pila bat nituen, eta gero pentsatu nuen horiekin istorio bat egiten ahal nuela. Bat bertzearen ondotik sortutako gauza izan zen.

GUSTATUKO LITZAIDAKE HELDUENTZAKO KONTAKIZUNA EGITEA

Nolako prozesua izan da idaztearena? Eta ilustratzearena?

Bietan sentitu naiz eroso. Bi prozesuak elkarrekin doaz. Sagarroiarena beranduago egin nuen. Mimo handiarekin eginda dago hori, eta uste dut ikusten dela.

Mikel Tabernak egin ditu itzulpen lanak. Gustura gelditu zara emaitzarekin?
Izugarri gustura. Mikelen liburu guztiak irakurri ditut. Liburu izugarri politak ditu, eta, gainera, hemengo istorioak dira. Mikel itzultzailea da, eta orain arte nahikoa zuen bere lanekin, baina orain eskatzera ausartu naiz, eta berak baiezkoa eman dit. Izugarri gustatzen zait nola idazten duen, eta hagitz gustura gelditu naiz.

Non eskuratu daitezke liburuak?

Autoedizioa egin dut. Horrek askatasuna ematen dizu. Zuk idazten duzu lehenbiziko, gero zuzenketak egiten dituzte, edizioa egiten dute ondotik eta azkenik publikazioa, eta akatsen bat badago moldatzeko aukera dago. Oraingoan autoedizioa egin dut Amazonen, eta horrela segituko dut. Horrek erosketa prozesua errazten du, norbaitek nahi baldin badu zuzenean eskatzen duelako bertara, aste baten buruan bidaltzen diotelako. Eta nik, autore izateagatik, prezioa berezia dut.

Zeinek irakurtzea nahiko zenituzke liburuak?
Momentuz eskolak erosten ari dira, eta gustura gainera. Nafarroan hiru hizkuntzekin ari dira lanean eskoletan, eta hiru hizkuntzatan egonda errazagoa da. Material didaktiko bezala erabili daiteke.

Baduzu bertze proiekturik esku artean?

Orain untxi baten istorioarekin ari naiz, eta hori idazten nabil. Untxi familia baten inguruko liburua ere idatzita dut eta hori zuzentzen ari dira. Gustatuko litzaidake helduentzako kontakizunak egitea. Hogeiren bat idatzita dauzkat eta horiek liburu batean sartu nahiko nituzke. Uste dut kasu horretan ilustrazioak puntualak izanen direla, baina, sinpleak. Era horretan segitu nahiko nuke, didaktikoa izanez eta baliogarria izan dadila irakasleentzako, balioak transmitituz.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun