Nafarroako Herri Kirol Jokoetako bosgarren eta hondarreko jardunaldia jokatu zuten igandean Betelun. Astebete lehenago Igantzin banatu zituzten kadete mailako txapelak eta oraingoan kimu eta haur mailakoak eman zituzten.
Haur mailako proba konbinatuko finalean Araxes nagusitu zen (8.07) eta Igantziko taldea bigarren izan zen (8:59). Antsoain izan zen hirugarren (9.11) eta Menditarrak laugarren (9:26). Kategoria honetako sokatira txapelketan Antsoain izan da txapeldun, Berriozar, Andra Mari 2, Araxes eta Andra Mari 1 taldeen aitzinetik.
Kimu mailako proba konbinatuan, aldiz, aitzineko lau jardunalditan 21 taldeen artean Igantziko bi talde, Menditarrak eta Basaburukoa lehiatu baziren ere, ez zuten finalerako txartelik lortu. Maila honetan ere Araxes izan zen txapeldun, Andra Mari 3, Antsoain eta Andra Mari 1 taldeen aitzinetik.