Ana ALBISTUR

«Berdintasunaren aldeko lana oso epe luzerako kontua da»

Ttipi-Ttapa 2022ko api. 10a, 10:00

Ana Albistur Beunza martxoaren 8an hasi zen lanean.

Beintza-Labaiengo Ana ALBISTUR BEUNZA martxoaren 8an hasi zen Bortzirietako Berdintasun Teknikari lanetan. Ekarpen guztiak ongietorriak izanen direla adierazi nahi izan die bortz herrietako herritarrei

Bortzirietako berdintasun teknikaria izendatzeko oposizio eta lehiaketa fasean puntuazio altuena lortu ondotik, martxoaren 8an hartu zuen kargua Ana Albistur Beunza Beintza-Labaiengo 24 urteko gazteak, berak dioenez, «oroitzeko moduko datan». Ikasketaz soziologian graduatua da eta Historia Garaikideko masterra egindakoa. Aitortu duenez, «soziologiako gradua ikasten hasi nintzenetik izan dut generoaren alorrean interesa, baina ez nuen uste gaiarekin lotutako lanpostu batean akituko nuenik». Berdintasun zerbitzua egonkortu eta bortz herrietako egoeraren diagnostiko bat egin nahi du Albisturrek. Igantziko udaletxean du bulegoa eta handik erantzun dizkio galderak TTipi-TTapari.


Zer moduzko hasiera izan da? 

Hasiera nahiko kaotikoa izan da, sortu berria den lanpostu batean aritzea zaila da. Orain arte, Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak landu du genero berdintasunaren gaia, beraz, gaia asko landu da eta badago ibilbidea. Horren adibide dira 2006an aurkeztutako Bortzirietako Mankomunitateko Ekintza Positiboko I. Plana, kontziliazio itunak, bestetako lila puntuak... eta beste hainbeste ekimen.

Berdintasunari dagokionez zein da bortz herrietan egoera?

Bortzirietan berdintasunaz egindako azken diagnostikoa 2011koa da. Beraz, egin beharreko lehen lanetako bat diagnostiko hori eguneratzea da.

Zein izan daitezke berdintasunerako bidean berehala hartu beharreko neurriak?

Garrantzitsua da ulertzea genero berdintasunaren aldeko lana oso epe luzerako kontua dela eta gizarte eraldaketaren eskutik egin behar dela. Instituzioek egiten duten lana genero berdintasunaren aldeko borrokaren zati ttiki bat da. Esparru honetatik berehala hartu beharreko neurrietako bat genero biolentziaren alorrean dauden errekurtsoak Bortzirietan ezagutzen direla bermatzea da.

«Instituzioek egiten duten lana genero berdintasunaren aldeko borrokaren zati ttiki bat da»

Zein gabezia edo hutsune ikusi dituzu? Eta indarguneak?

2011n egindako diagnostikoan identifikatutako gabezia edo ahuleziak oraindik ere ikusten dira: lanaren banaketa sexuala, zaintzaren konponbide falta, rol tradizional oso finkatuak, berdintasuna gizon eta emakumeen arteko liskartzat ulertzea, estereotipoak... Hala ere, badaude indargune asko, hala nola, emakumeen parte hartze soziopolitikoa handitu izana (mugimendu feministari lotuta gehienbat) eta orokorrean herritarren artean izan den kontzientziazioa.

Bortzirietan badira emakume taldeak, talde feministak... Horiekin harremanik izan duzu?

Zerbitzua martxan jarri berria denez, oraindik ez da horretarako aukerarik egon, baina garrantzitsua da emakume talde eta talde feministekin harremana izatea. Instituzioek egin dezaketen lana mugatua da eta beharrezkoa da ulertzea talde horiek instituzioak ailegatzen ez diren eremu askotara ailegatzen direla.

Epe motzera begira zein asmo dituzu?
Epe motzeko asmoa berdintasun zerbitzua egonkortu eta Bortzirietako egoeraren diagnostiko bat egin ondotik, Berdintasun Plan bat martxan jartzen hastea da.

Epe luzera, zein izanen dira erronka nagusiak?
Zaila da epe luzerako erronka nagusiak identifikatzea. Beharren eta lorpenen arabera identifikatuko ditugu.

Zein mezu luzatuko zenieke Bortzirietako herritarrei?

Momentuz, berdintasun zerbitzua martxan dagoela eta ekarpen guztiak ongietorriak direla esan nahiko nieke.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun